Zaldibarko goitibeherazale talde batek Aldatsa elkartea sortu du

Aritz Maldonado 2022ko mai. 17a, 08:46

Goitibehera jaitsierak antolatzeko asmoagaz, hainbat zaldibartarrek Aldatsa elkartea sortu dute. Iaz hasi ziren martxan, Goierri auzoan jaitsiera eta umeentzako ekitaldia antolatzeko.

"Ekitaldiek izandako arrakasta ikusita, aurten eskaintza indartzea gura izan dugu", azaldu dute taldekideek ohar baten bitartez. Aurten, gainera, Zaldibarko Udalaren laguntza izan dute jarduera honetarako.

Lehenengo hitzordua maiatzaren 21erako ipini dute: Goitibehera Txikia antolatu dute egun horretarako. Hiru Gurutzeetatik behera jaitsiko dira, Goierri bidetik behera. Ekitaldi hau Maldan Behera elkarteagaz antolatu dute. "Eurek dakarte material guztia, Sputnik goitibeherak barne", esan dute. Hala ere, Aldatsaren helburu nagusia zaldibartarrak goitibeheren kulturara hurbiltzea da, ez bakarrik lasterketetan parte hartzea. "Bakarka, binaka zein kuadrillan, trastelekuan edo garajean abandonatuta dituzten bizikleta zaharrak, trizikloak eta patineteak transformatzea eta goitibehera bat egitea lan polita da", gehitu dute. 

Aurten, arratsaldez
Zaldibarko Goitibehera Jaitsiera ekainaren 11n egingo dute. Aurten, baina, arratsalez egitea erabaki du Aldatsak, "oihartzun handiagoa izan dezan". Horrez gainera, jaitsiera Euskal Inertzia Koparen barruan sartuko da. "Esperientzia handia duten partaideak eta askotariko ibilgailu ikusgarriak ekarriko dituzte: trizikloak, patinak, pneumatikoak, klasikoak, europearrak...", azaldu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!