Zaldibarko Zaldua Kirol Elkarteak 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta aurkeztu du

Anboto 2022ko mai. 16a, 20:51
Antolakuntza batzordeko Victor Maestro, saskibaloi taldeko Mikel Garcia, pilota elkarteko Enrike Agirrebeitia, mendi taldeko Jabi Sierra,futbol saileko Mikel Arrizabalaga eta elkarteko lehendakari Arkaitz Padilla gaurko ekitaldian

Logotipo lehiaketa, herri bazkaria, kluba sortu zutenei omenaldia… dira ekimenetako batzuk.

Zaldua Kirol Elkartea 1973an sortu zuten eta 50 urte beteko ditu hurrengo urtean. Batzorde bat beren beregi urteurrena ospatzeko ekintzak antolatzen dabil aspalditik eta gaur prentsaurrekoa eskaini dute horren berri emateko. Herri osora zabalduko duten jaia izango da eta ez da gutxiagorako, 3.000 biztanleko herrian 1.000 bazkide inguru dituztelako.

Zaldua Kirol Elkartea lau kirol adarrek osatzen dute: futbol, saskibaloi, pilota eta mendi taldeek. Lehenengo futbol kluba sortu zuten, 1973an. Handik gutxira pilota eta mendi taldeak batu ziren. Ordura arte koru elkartetik kudeatzen zituzten. Elkarteak 1978an hartu zuen gaur eguneko itxura, saskibaloi taldea sortu zenean.

Zaldua-Arratia partidua eta sortzaileei omenaldia

Zaldua futbol klubak 1973ko irailean jokatu zuen bere historiako lehenengo partidua Arratia taldearen kontra. Data hori gogoratuz,  irailean, Zalduak eta Arratiak elkarren kontra jokatuko dute denboraldi aurreko azken lagunartekoa. Partidu horren atarian, klubeko sortzaileak omenduko dituzte. Klubeko ereserki eguneratua ere aurkeztuko dute.

Logotipo lehiaketa

Datorren denboraldian zehar urteurrena islatuko duen logotipo berria aukeratzeko lehiaketa bat abiatu dute. Edonork parte hartu dezake. Hiru kategoria daude: orokorra, 18 urtetik beherakoa eta Zaldibarko logotipo onena.Proposamenak honako helbide elektronikora bidali daitezke ekainaren 20ra arte: concursocincuentenario@gmail.com.

Proposamen denak ekainaren 24an eta 25ean erakutsiko dituzte liburutegi zaharrean. Azken erabakia bazkideen esku dago. 12 urtetik gorako bazkideek logotipo irabazlea bozkatu ahal izango dute bi egun horietan. Irabazle orokorrak 300 euro irabaziko ditu; beste bi mailetan saria 100 eurokoa da.

Urteurreneko beste osagai bat datorren urteko maiatz-ekain ingururako aurreikusita dagoen herri bazkaria da. Argazki zaharren erakusketa bat ere antolatuko dute.

Bueltan datozen ekimenak

Covidaren ondorioz bertan behera geratutako hainbat ekimen berriro antolatuko dituzte. Esaterako, 30. futbito maratoia uztailaren 1etik 3ra; 3X3ko saskibaloi txapelketa uztailaren 9an, 16:00etan, kiroldegian, eta, 43. mendi martxa uztailaren 16an, 07:00etan, Zaldua plazatik irtenda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!