Auzolanean egindako eskultura Eitzagan ezartzearen aldeko kanpaina jarri du martxan Zaldibar Argituk

Aritz Maldonado 2022ko mar. 1a, 16:09
Hainbat zaldibartarrek aurkeztu dute ekimena; argazkiaren erdialdean eskultura oroigarria ikus daiteke.

Iñaki Urizar zaldibartarrak hainbat herrikiderekin batera auzolanean egindako eskultura Eitzagan jartzea izan da Zaldibar Argituren asmoa. Hala ere, udal gobernu taldeak baimena ukatu izana salatu dute. "Eitzagan gertatutakoak izan dezakeen oroigarririk sentikorrena eta egiazkoena herritarron eskutik datorrena izango delako, herritarren ekimena delako eta eskultura Eitzagan gertatutakoa oroitzeko bereziki sortua izan delako, eskultura honen lekua Eitzagan dago", azaldu du Idoia Marin Kortazarrek prentsaurrekoan. Prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, Zaldibarko Udalak beste oroigarri bat ezartzeko asmoa du, "non, noiz eta zelakoa" izango den zehaztu ez badu ere. "Adar jotzea dirudien arren, oso kontu serioa da. Ez dugu ulertzen udal agintari batek hain sentsibilitate gutxi erakustea herritarrekiko, herritarronganako errespetu falta itzela, lotsagabekeria eta boterekeria", salatu dute agerraldian.  

Zaldibar Argituren asmoa eskultura otsailaren 6an egindako ekitaldian ezartzea zen, hondakindegia amildu eta bi urtera egindako ekitaldian, Zaldibarko Udalak, ostera, baimenik ez ziela eman adierazi dute agerraldian, eskaera urtarrilaren 4an egin zuten arren. "Urtarrilaren 10ean, dekretu bidez, alkateak eskultura jartzeko baimena ukatu zigun. Harriduraz hartu genuen erabaki hau, are gehiago, ematen zuen arrazoia irakurrita. Horrela dio hitzez hitz: udal baimenik gabe jabari publikoan ezin da oroigarririk jarri. Horregatik aurkeztu genuen eskultura jartzeko baimen eskaria", azaldu du Jon Barañano Rodriguezek. Eskulturagaz, "gertaera haren oroigarri fisikoa bizia galdu zuten bi langileen omenez, beraien familia eta lagunen omenez, hondamendiaren eragina gertutik bizi zuten eta duten auzokideen omenez" eta horrelakorik ez errepikatzea eskatzea gura zuten. 

Agerraldian, herritarren babesa batzeko ekintza sorta martxan jarri dutela azaldu dute, baita ere. Joan den astean, adibidez, Zaldibarko portaletan informazioa jarri zuten; horrez gainera, eskulturaren erreplika txikiak banatuko dituzte herriko denda eta tabernetan. Ekimen gehiago egiteko asmoa dutela iragarri dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!