“Gurago dut antzeztu, baina, zuzentzen hasita, mundu zoragarria zabaldu zait”

Aritz Maldonado 2022ko ots. 12a, 11:45

Hamahiru urte zituela hasi zen Irati Herreros (Zaldibar, 1999) zaldibartarra antzerki klaseak hartzen, Durangoko L´atelier eskolan. Ordutik, bere ibilbide profesionalean geroago eta urrats gehiago ematen dabil. Markeliñe konpainiaren 'Zugan ni' lanean parte hartu zuen, eta Bizkaiko Antzerki Ikastegian ere trebatu da denbora honetan. Antzerkiaz gainera, pelikuletan eta film laburretan ere parte hartu du urte hauetan: 'Handia' filmeko Catalina izan zen, 'Otsoen lurraldean' telesaileko denboraldi bietan Ingumaren azalean jarri zen, eta 'Bizi Txarra' eta 'Decir no' proiektuetan ere parte hartu zuen.

Azkenaldian, 'Torre de brujas' antzezlana aurkezten dabil. Aste honetan eta martxoaren 10ean emanaldiak dituzte Bilboko Zirkuituaren programazioari eskerrak. 'Zer gertatuko litzateke erre beharrean aberatsenen gozamenerako eskainiko bagintuzten?'. Abiapuntu hori du Herrerosen proiektu berriak.

'Torre de brujas' antzezlanaren emanaldia izan zenuten atzo. Zer kontatzen du antzezlanak?
Berrogeialdian idatzi nuen Torre de brujas. Beti eduki dut gogoa sorgin ehizari buruzko zeozer idazteko. Gai horri buruzko istorio asko kontatu dira, eta nik beste ikuspuntu batetik kontatu gura nuen, istorio desberdin bat kontatu gura nuen. Orduan okurritu zitzaidan Torre de brujas. Egoera hipotetiko bat planteatzen dut: erre beharrean, sorginen dorrea deitzen den zoologiko moduko batera eramaten dituzte sorginak. Nire lanean, ahizpa biren arteko istorioa kontatzen da; aita bera ez duten ahizpa bi dira protagonistak, eta dorre barruan daudela sortzen diren gatazkak dira lanaren ardatza.

Iaz estreinatu zenuten.
Iazko udan estreinatu genuen. Eduki dugun laguntza eskertu gura dugu, izan ere, kontakturik eduki barik gatxa da lanak estreinatzea edo mugitzea. Emanaldi bi egin genituen. Bilboko La Bernarda jaialdian estreinatu genuen, eta, gero, La Terminal gunean ere antzeztu genuen. Richard Sahagúnek asko lagundu zigun.

Publikoaren aldetik, zelako harrera izan du obrak?
Oso ona! Oso pozik gaude jaso dugun feedback agaz. Beldur apur bat genuen, profesional lez egin ditugun lehenengo saioak izan direlako hauek. Solasaldi moduko bat egin genuen emanaldietariko batean, eta jendeak esan zigun nabaritzen zela istorioari eman gura genion ikuspuntua. Lehen esan dudan moduan, emakumeei buruzko istorio berriak kontatu gura genituen, eta hori igarri egin dela ikusteak asko poztu gaitu.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Obra luze bat mugitzea gatxa da eta Torre de brujas mikroantzerki formatura egokitu gura dugu orain. Horrek lagundu egingo digula uste dugu. Aurrera begira, beste zeozerk ere irtengo du, seguru.

Obraren gidoia zuk zeuk idatzi duzu, antzeztu ere egiten duzu bertan, eta obrako zuzendaria ere bazara. Hiru lanetatik zein duzu gustukoena?
Antzezle lanetan hasi nintzen, ba ina, orokor rea n, dener ik egitea gustatzen zait. 2017an Barakaldoko Bizkaiko Antzerki Ikastegian ikasi nuen; bertan, 'zuzendaritza' ikasi nuen, eta, egia esateko, ordura arte ez nuen planteatu ere egiten zuzendari lanetan aritzea. Horren harira, istorio txiki bat idazten hasi nintzen, eta gustua hartu diot. Antzeztea gehiago gustatzen zait, baina, zuzentzen hasita, mundu zoragarri bat zabaldu zait aurrean. Horrez gainera, industrian ateak zabaltzeko baliagarria dela iruditzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!