Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibarko zabortegiko arduradunek ingurumen deliturik egin ote zuten ikertzen hasi dira

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 20a, 10:13

Durangoko epaitegia Verter auzian ingurumen deliturik egon ote zen ikertzen hasi da. Zabortegiko arduradunek goiz honetan deklaratu dute. Zaldibar Argituk, LABek eta Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egin dute erantzukizunak "azkeneraino" ikertu daitezen eskatzeko.

Zaldibarko zabortegiko arduradunak Durangoko epaitegian deklaratzen hasi dira gaur, hondakindegiko luiziagaz lotuta ingurumen deliturik egon ote zen ikertzeko. Enpresako arduradunak goizeko 9:30ak aldera sartu dira epaitegira. Kanpoan, protesta egin dute gizarte eragileek. Zaldibar Argituk, LAB sindikatuak eta Eskubide Sozialen Kartak luiziari loturiko erantzukizunak "azkeneraino" ikertzea eskatu dute. Zaldibar Argitu plataformako Gaizka Zabarte bozeramaileak adierazi du erantzukizun horiek "arduradunenak" bakarrik izan barik, gertaturikoa "ahalbidetu zuten agitantari politikoenak" ere badirela. 

Gaurko deklarazioa, ingurumen delituei loturiko auzian kokatzen da. Baina kontuan hartu behar da gaurkoa baino lehen, beste ikerketa bat ere egon dela martxan. Hain zuzen ere, luiziak harrapatutako Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginei loturikoa. Zabartek gogoratu du Zaldibar Argitu eta Eskubide Sozialen Karta "langileen osasunaren kontrako delitua ikertzen zuen auzitik kanpo" gelditu zirela. "Handik hilabetera auzia itxi zuten, eta momentuz ez dugu sententzia ezagutzen. Arduradunek homizidioa onartu zuten sei hilabeteko kartzela zigorraren truke. Beste era batera esanda: aberatsak ez doaz kartzelara. Eta, orain, ingurumenaren kontrako delitua ikertzen den auzi honetan, ikerketa azkeneraino heldu dadila eskatzen dugu. Argitu daitezela erantzukizun guztiak. Ez bakarrik arduradunenak, baizik eta hori ahalbidetu zuten agintari politikoenak ere bai", adierazi du Zabartek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!