Zaldibarko Udalak 750 bono jarriko ditu herritarren esku gabonetako kanpainan herriko komertzioetako salerosketak sustatzeko. "Udal bezala, lanean jarraituko dugu Zaldibarko komertzioa sustatzeko. Internet bidez erosteko ohitura hedatuegia dago, eta dendariekin aurrez aurre egoteko eta herrian bertan erosteko aukera errazten dute horrelako ekimenek", azaldu du Jose Luis Maiztegi alkateak.
Kanpaina beste urte batez egiteagatik pozik agertu dira dendariak agerraldian. "Dendariontzako ez ezik, bezeroentzako onuragarria da baita ere, erosleak saritzeko modua delako", azaldu du Bitxiak dendako Olga Gozalok. Hala ere, arduratuta agertu dira gabonetako kanpainak izango duen erantzunagaz. "Aurten arazo handi bat dugu, ez dakigulako generoa iritsiko den. Irailaz geroztik stock arazoak ditugu, baina baikorrak gara, uste dugu guztion artean ondo konponduko garela", azaldu du Merceria Raqueleko Raquel Estevezek.
Abenduaren 3tik aurrera erabilgarri
750 bonoak abenduaren 1etik aurrera erosi ahalko dira Zaldibarko udaletxean (goizez) eta liburutegian (arratsaldez). Hamar euroan salduko dira bonoak, eta 20 euroko erosketak egin beharko dira erabili ahal izateko. Abenduaren 3tik aurrera erabili ahalko dira, urtarrilaren 7ra arte.