“Musika talde batzuekin hartu-eman berezia sortu da eta horrek bete egiten nau”

Aitziber Basauri 2021ko urr. 23a, 10:30

Carlos Olabarriaga Gerrikabeitia (Zaldibar, 1956) ezagun bihurtu da Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta aretotan. Metal, punk eta, batez ere, hardcore estiloko kontzertuak grabatzen ditu, gero MrMusika izenpean youtuben ipintzeko. Pandemiak eraginda iaz kontzertu bakarra grabatu zuen arren, hasita dago agenda betetzen. Bartzelonan, Oviedon eta Frantzian ere ibili da grabatzen.

Zer dago MrMusikaren atzean?
MrMusika 2016an sortu zen, seme gaztearen Worth It hardcore taldearen kontzertuak jarraitzen hasi nintzenean. Argazkiak ateratzera joaten nintzen. Kontzertuak mugikorrekin grabatzen zituztela ikusi nuen, eta taldeek irudi horiek erabiltzen zituztela euren sareetan zabaltzeko. Bada, kontzertuak irudi eta soinu kalitate on bategaz grabatzea pentsatu nuen. Halaxe hasi nintzen. Taldeak oso eskertuta ikusi nituen, jendearen artean ere arrakasta zutela ikusi nuen eta aurrera jarraitu nuen.

Afizioz zoaz kontzertuak grabatzera. Zein da helburua?
Afizioz noa, bai, eta sarrera ordainduta (barrez). Argi dut taldeei laguntzeko modu bat dela. Oso ondo pasatzen dut, gainera. Eta taldeek hala gura badute, grabazio horiek erabili ditzakete. Halantxik jaio zen MrMusika, bestelako pretentsiorik barik. Ia 200 bideo ditut jasota, 150 musika talderenak. Gauza txukun bat egiten ahalegintzen naiz eta grabazioak editatu egiten ditut, soinua eta irudia. Esan behar dut talde batzuekin hartu-eman berezia sortu dela, eta horrek bete egiten nau. Kontzertuetara joaten ez direnentzat leiho bat ere bada.

Gaztetxeetan hasi zinen. Batek baino gehiagok harrituta begiratuko zintuen.
Bai. Gogoan dut Basauriko Txarraska gaztetxera joan nintzenekoa. Ez nuen inor ere ezagutzen, eta inork ere ez ninduen ezagutzen. Zurrumurruak, begiradak... sentitu nituen, zelatatzera zihoan gurasoren bat nintzela pentsatuko zuten! Taldearengana joan eta nor zaren azalduta apurtzen da zalantza eta giro hotz hori. Jende helduagoa dabilen gaztetxeetan, txapela jantzi eta oharkabeago pasatu naiz.

Izan duzu inoiz arazorik grabatzeko?
Ez. Bad Religion eta halako talde handiekin ere ez. Hartu-emana badut, aldez aurretik galdetzen diet. Bestela, youtuben jaso aurretik, mezu bat bidaltzen dut kontzertuaren zati bat grabatu dudala esateko. Normalean, eskertu egiten dute. Kontzertuko azken zatia grabatzen dut. Aurretik, entzuteko eta zelan mugitzen diren ikusteko aprobetxatzen dut. Propagandhi Gasteizera etorri zenean, salbuespena egin nuen. Oso kontzertu gutxi ematen dituzte, gatx da zuzenean entzutea, eta osorik grabatu nuen.

Zergaitik hardcore estiloa?
Seme gaztearen eskutik hasi nintzen hardcore mundua apur bat ezagutzen, eta harrapatu egin nau. Publikoa dantzan dela sortzen den giroak eta taldeak bat egiten dute. Elkarren arteko kontaktua behar dute. Lehenengo ilaran egoten naiz, publikoaren eta taldearen artean. Bestela, ezin da hardcordaren esentzia grabatu. Badut grabazioren bat ni neu hankaz gora jausita, atzera eta aurrera eramaten zaituzte eta. Gaztetatik deneriko musika gustatu zait; sasoi batean jazzak ere asko erakarri ninduen. Inoiz ere ez dut arazorik izan musika estilo berri bat entzuteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!