Parkeko Hotelaren inguruko multzo konplexuak Zaldibarrentzat eta zaldibartarrentzat duen garrantzia azpimarratu du Gerediagak

Aritz Maldonado 2021ko urr. 21a, 08:44

Udaberrian, zaldibartar talde bat antolatzen hasi zen Parkeko Hotela deitzen duten eraikina (las Hermanas edo Mojen Etxea lez ere ezaguna) ez botatzea eskatzeko.

Ordutik hona, hainbat ekimen egin dute; batzarrak eta mobilizazioak, adibidez. Gerediaga elkarteak ere, bere ekarpena egin guran, txostena helarazi zien eraikinaren jabetza duen Osakidetzari eta Zaldibarko udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei. Bertan, eraikina 1882an eraiki zela aipatzen da, besteak beste; bainuetxe lez erabili zen urte luzez, eta garaiko "aisiaren eta bizitza sozialaren gune" bilakatu zen. "Parkeko Hotela multzo konplexu baten parte zen; multzo hura bainuetxeak, hotelak eta parkeak osatzen zuten", dio txostenak. 1920 inguruan, baina, ohiturak aldatu eta Bizkaiko Foru Aldundiari saldu ostean emakumeentzako ospitale psikiatriko bihurtu zuten. Aldatuta dagoen arren, gaur egungo eremua "proiektu hartatik sortu zen".

Txostena Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eta Belen Bengoetxea zuzendaritza batzordeko kideak sinatu dute; biak ala biak Deustuko Unibertsitateko eta EHUko irakasleak ere badira, hurrenez hurren. "Askotan, ondare historiko edo kulturalak zerbait ikusgarria izan behar duela uste da, baina ez da horrela. Kontzeptu horren barruan, beste ezaugarri batzuk ere badaude; adibidez, zein esangura duten leku edo testuinguru horiek. Zaldibarko Parkeko Hotelaren kasuan, garrantzitsua izan daiteke eraikinari eustea, ez eraikinagaitik bakarrik, baita ingurunearen zati bat delako ere, Zaldibarko zati bat delako", azaldu du Bengoetxeak.

Ereduak, Europan
Eraikinaren diseinua Severino Achucarro arkitektoak egin zuen. Bermeoko kasinoa, Banco de Bilbaoren eraikina eta Bidebarrietako udal liburutegia (Bilbo) ere berak diseinatu zituen, eta garaiko arkitekto garrantzitsua dela ere nabarmendu dute Gerediaga elkartekoek. Bainuetxeko lana egiteko, Europako beste bainuetxe batzuen eredua hartu zuen, eta egun ere Europako beste leku batzuetan egin den moduan, eraikinari beste funtzio bat eman dakiokeela ere azpimarratu dute. "Ezin da fosil bat kontserbatu, hori inorentzat ere ez da positiboa. Bere garaian, hotela izatetik ospitala izatera pasatu zen, eta gura izanez gero, beste zerbait izan daiteke gero ere. Botaz gero, betiko galduko da, bai guretzat eta baita ondorengoentzat ere", diote txostenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!