"Zaldibarren gertaturikoa jakin eta erantzukizun guztiak argitu arte borrokan jarraituko dugu"

Anboto 2021ko ira. 3a, 16:08
Artxiboko irudia

Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ohar bateratu bat kaleratu dute. 

Gaur goizean El Correoren egunkariak azaldu duenez, Zaldibarko hondakindegiaren kasuko akusatuek ez dute kartzelara joan beharko. El Correoren arabera, hiru akusatuak akusazio partikularragaz eta Fiskaltzagaz "akordio batera iristekoak dira".

Berri hori jakinda, Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ohar bateratu bat kaleratu dute. "Lehenik eta behin familiari adierazi nahi diogu adostasun batera iristeko familiaren erabakia guztiz errespetatzen eta ulertzen dugula. Eta berriro ere elkartasuna adierazi nahi diegu eta argi utzi Zaldibarren gertatutakoa ez ahazteko eta erantzukizunak argitzeko hartutako konpromisoarekin jarraituko dugula", azaldu dute oharrean.

Bestalde, kasua aurrera eraman den modua salatu dute, baita "herritarren parte hartzea eta egia ezagutzea oztopatzea" ere . "Uztailean Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta langileen eskubideen aurkako auzipide honetatik kanpo utzi gintuzten. Orduan salatu genuen inolako arrazoi juridikorik ez zegoela horretarako. Gainera, susmagarria da guztiz herri akusazio gisa kasutik kanpo utzi eta fiskaltzarekin adostasun batera iristea batera gertatu izana", jarraitu dute. 

Bestalde, "justizia egin arte borrokan" jarraituko dutela azaldu dute. "Langileen eskubideen aurkako delituaren auzia laister itxiko den arren, oraindik ere ingurumen delitua egon den epaitzea falta da, eta kasu horretan herri akusazioa gara. Hasieratik hartu genuen Zaldibarren gertatutakoa argitu eta erantzukizun guztiak, baita politikoak ere, argitzeko konpromisoa. Eta horretan jarraituko dugu, egia jakin eta benetan justizia egin dadin", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!