Antzeko jaitsiera bat 2007an egin zuten azkenengoz, Letamendiak dioenez. Iñaki Urizarrek eta Arkaitz Ortuzar 'Pestu'-k erronka bota zioten elkarri, goitibeheragaz bata eta mountainboardagaz bestea. Mountainboarda patinete antzeko bat da, gurpil handiagoak eta balazta dituena. Itxaronaldi luzearen ostean, herritarrek gogotsu berreskuratuko dute jaitsiera, beraz. Goitibeherez gainera, parte hartzaileek bestelako tramankuluak ere edukiko dituzte: goitibeherak, mountainboarda, drift trikea...". Eta ibilgailuak ez ezik, gidariak ere askorikoak izango dira. "Zaldibartik kanpoko jendea ere gonbidatu dugu parte hartzera; beste herri batzuetan ez da galdu goitibeheren ohitura, eta horiekin sare moduko bat osatzea gura genuke", esan du Oier Letamendiak. Jaitsieraren ezaugarriak kontuan hartuta, segurtasun neurriak bereziki zaindu dituzte. "Kilometro inguruko jaitsiera da, Goierriko bidegurutzetik enpresen sarreraraino ia; jaitsiera azkarra da, bihurgune askokoa, eta ikusteko ere oso ona da. Asko disfrutatuko dugu, bai jaisten, eta baita ikusten ere", gaineratu du.
Antolatzaileak pozik daude jaitsiera berreskuratzeak eduki duen harreragaz, izan ere, hainbat belaunalditako zaldibartarrak batuko dira. 90eko hamarkadan erabiltzen zuten goitibehera bat berreskuratu dutela ere esan dute: "Hamalau urte geroago, hor egongo da berreskuraturiko goitibehera, aldats berean, gidari beragaz, jende beragaz, zaharrago badaude ere" (barrez).
Sputnik goitibeherak
Goitibeherekiko zaletasuna gazteenen artean ere zabaltzeko, Goitibehera Txikia ekitaldia egingo dute. 16:00etatik 18:00etara bitartean, umeak Sputnik goitibeheretan ibili ahalko dira, Maldanbehera elkarteagaz.