Herritar talde batek bideoa kaleratu du Parkeko Hotela ondare legez izendatzeko eta ez botatzea eskatzeko

Aritz Maldonado 2021ko uzt. 8a, 18:00

Parkeko Hotela eraistearen aurka dagoen herritar taldeak egitasmo berri bat landu du hotela ez botatzea eskatzeko. Eraikinaren historia eta balio arkitektonikoa nabarmentzeaz gainera, ospitale psikiatrikoko langile ohi biren testigantzak ere biltzen ditu ikus-entzunezko lanak.

Carmen Vidaurre eta Maria Puy Urbiola ospitaleko langileak izan ziren, eta eraikinean bertan bizi ziren. "Familia bat osatzen genuen denok, pazienteek eta langileok. Egun ahaztezinak igaro genituen bertan", azaldu du Maria Puyk. "Parkeko Hotela bakarra da, ordezkaezina. Laster 140 urte beteko ditu, Bainuetxeko Establezimenduak eta lorategiak lez. Baserriak alde batera utzita, Zaldibarrek zenbat eraikin zibil ditu Parkeko Hotela baino zaharragoak? Horietatik zenbat etxebizitza ez direnak?", galdetu dute txostenean plataformako kideek.

Plataforma herritarra
"Herriko ondarea defendatzeko asmoagaz", herritar talde bat elkartzen hasi zen urte hasieran, "Zaldibarko udal gobernu taldeak Parkeko Hotela eraisteko asmoa erakutsi zuenetik, hain zuzen ere". Apirilean, Parkeko Hotela txostena banatu zuten herritarren artean; eskuorriak ere banatu zituzten buzoietan. Horrez gainera, apirilaren 28an, kontzentrazio jendetsua egin zuten udaletxe parean. Herritar taldeak mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu du mezu baten bitartez, "Parkeko Hotela eraisteko asmoa bertan behera utzi arte".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!