Tio Teronen Semeak taldeak ikuskizuna eskainiko du Zaldua plazan Zaldibarko Uda Kulturalaren egitarauaren barruan

Jone Guenetxea 2021ko uzt. 2a, 13:30

Zaldibarko jai batzordeak kultur ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu du. ZUK, Zaldibarko Uda Kulturala izena ipini diote. Ekainaren 23an ekin zioten egitarauari, eta uztailaren 23ra bitartean izango da. Jai batzordeko kideek denerik prestatu dute: kirol eta musika jarduerak, sukaldaritza-tailerra, umeentzako ekintzak... Udalaz gainera, Castet elkartea, Zaldua kirol elkartea (pilota), Zaldibarko txosnagunea (Gaztetxea eta Dominika), Zaldibarko jendeak, Ilargi argazki taldea, Zaldibarko dantza taldea eta Zaldibarko Guraso Elkartea aritu dira egitaraua antolatzen.

Gaur, uztailak 2, Petresku etzi ez etsi umeentzako bertso antzerkia ikusgai izango da, udaletxeko plazan. Zaldua pilota taldeak gazte mailako pilota partiduak antolatu ditu. Zaldua plazan, Tio Teronen Semeak taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du.

Guraso elkarteak umeentzako skate eskola antolatu du uztailaren 5erako eta 6rako. Guraso elkarteak umeentzako ekitaldi berri bat antolatu gura izan du eta skate eskola proposatu du. "40 ume apuntatu dira. 6tik 12 urtera arteko umeei skatean ibiltzen erakutsiko diete", azaldu du Javier Vidal Zaldibarko kultur administrariak.

Ekitaldi asko kalean direnez, ez da sarrerarik beharko, baina jesarrita egotea bai. Beraz, tokia bete arte jesarri ahalko da. "Euria egiten badu, kaleko ekitaldiak eskolako pilotalekura lekualdatu daitezke", gaineratu du Vidalek. Karpan egiten diren kontzertu eta antzerkietarako, ostera, sarrera beharko da.

Goitibeherak Goierrin
Aurtengo egitaraurako, Goierri auzoko goitibehera jaitsiera berreskuratuko dute. Aurten ez da auzoko jairik izango. Hala ere, goitibeheren tradizioa berreskuratzea erabaki dute, hamalau urteren ondoren. Uztailaren 18an izango da eta Goierri auzotik Solozabalera egingo da, banaka, binaka edo taldeka. Goitibehera Txikia ere antolatu dute, aldats "laburrago eta errazago" batean. Umeentzako enpresa batek antolatu du. Helduek norbere goitibehera eraman beharko dute. Honenbestez, goitibeherak prestatzen hasteko deialdia egin dute Zaldibarko txosnagunetik, gazteak zein ez hain gazteak animatuz. Zaldibarko Goierri auzoko jaiak dira data horietan, hain zuzen ere. Izaera herrikoia izateko helburuagaz berreskuratuko dute jaitsiera, eta, beraz, antolatzaileek iragarri dute ez dituztela jaitsierak kronometratuko. Bestalde, metalezko gurpilik ez erabiltzeko eskatu dute, "errepidea ez hondatzeko". 

Egitarauagaz amaitzeko, Deabru Beltzak taldearen Su Afeu ikuskizuna etorriko da Zaldibarrera. Sua eta perkusioa uztartzen dituen taldea da. Kalejira ohikoa baino laburragoa egingo dute eta udaletxe aurreko plazan ekitaldia egingo dute suagaz eta perkusioagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!