Goierri auzoko goitibehera jaitsiera berreskuratuko dute

Aritz Maldonado 2021ko mai. 31a, 11:34

Hamalau urteren ondoren, Zaldibarrek goitibehera jaitsiera izango du berriro.

Uztailaren 18an izango da eta Goierri auzotik Solozabalera egingo da, banaka, binaka edo taldeka. Goitibehera Txikia ere antolatuko dute, aldats "laburrago eta errazago" batean. Honenbestez, goitibeherak prestatzen hasteko deialdia egin dute Zaldibarko txosnagunetik, gazteak zein ez hain gazteak animatuz. Zaldibarko Goierri auzoko jaiak dira data horietan, hain zuzen ere. Izaera herrikoia izateko helburuagaz berreskuratuko dute jaitsiera, eta, beraz, antolatzaileek iragarri dute ez dituztela jaitsierak kronometratuko. Bestalde, metalezko gurpilik ez erabiltzeko eskatu dute, "errepidea ez hondatzeko". Izena emateko epea ekainean zabalduko dutela iragarri dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!