“Iruñeko euskalgintzan belaunaldi berri bat loratzen ari da, erruaren motxila gainetik kenduta”

Anboto 2021ko mai. 27a, 19:30
Argazkia: Mikel Tristan

Areta Senosiainek, Javier Larrañetak, Eder Escalerak, Amets Arangurenek eta Ibai Osinagak osatzen dute Ibil Bedi. Juan Kruz Lakasta kazetariak azken biak elkarrizketatu zituen Ttap! aldizkari digitalerako. Boskote iruindarrak Zaldibarren kontzertua eskainiko duela-eta, ANBOTOk elkarrizketa hori berreskuratu du. 'Beltxarga beltza' bigarren diskoa aurkeztera dator Lakastaren berbetan "borborka dabilen Iruñeko eszenako beste perla bat" den taldea. Iurretan ere joko dute, ekainean.

Zein da 'Beltxarga beltza'-ren kontzeptua?
Ibai Osinaga: Beltxarga beltzak dira espero ez ditugun gauzak; batez ere, alde ekonomikotik. Gertatu aurretik ezinezkotzat jotzen ditugunak, eta gertatu direnean, ulertu ahal izateko, aurretik atzera analizatu behar ditugunak muinera iristeko.

Letrak bion artean idazten dituzue.
I.O.: Aurreko diskoan eta honetan, bi kasuetan maitasunari kantatu diogu. Lehen diskoko galera horiek bazuten asko maitasunetik. Agian, disko honetan egin duguna izan da pixka bat aldendu. Eta gertaera horiei kanpotik kantatu diegu.

Amets Aranguren: Baina ez zait iruditzen gure bereizgarri bat denik maitasunaren kontua. Ematen du maitasunari abesten zaiola gaia oso esplizitua denean soilik. Baina esanen nuke musikaren ehuneko oso handi bat maitasunari buruzkoa dela.

Chill Mafiak mixtapea atera du, Broken Brothers diskoa ateratzear dago, zuen diskoa... zenbat gauza interesgarri, zein estilo ezberdinetan. Zer gertatzen ari da Iruñerriko eszenan?
I.O.: Bi gako daude: bat hizkuntza da, eta bestea, gauzak egiteko modua. Hizkuntzari dagokionez, erabaki dugu Iruñerriko gazteak izanda euskaraz abestea.

A.A.: Hori aurretik ere bazen. I.O.: Bai, bazen, egia, baina gure garaia da eta hori bizitzen ari gara.

Euskarak batzen zaituzte. Adibide bat: oso musika estilo ezberdinak jorratzen badituzue ere, hiru taldetako kideak aurki daitezke Iruinkokoan, Iruñeko Inauteri euskaldunean. Belaunaldi aldaketa bat Iruñerriko euskalgintzan?
A.A.: Bai, eta hori gertatzen ari da Iruñerriko euskalgintzaren fokua aldatzen ari delako. Askotan pentsatu dut gure belaunaldikoek badaramagula motxila bat erru batekin: "D eredura joan zarete eta zuen artean ez zarete euskaraz ari une oro". Ematen zuen argudio horrekin dena salbatuko zela. Foku hori kulpabilizaziotik beste leku batera eraman da. Euskara zentroan jarri ordez, tresna gisa erabiltzen ari da. Izan behar duen tresna horren gisa. Eta horren eredu eta adibide onena Iruinkokoa da. Euskaraz egindako zerbait da, baina ez euskaraz aritzeko sortua, euskaraz izatea hor dago, berez izan behar den zerbait da, eta inplizituki onartua dago.

Baita Nafarroatik abiatuta ere? Aurrekoan Mikel Taberna idazleak esan zidan iruditua duela Nafarroako euskal sortzaileek gero eta zailagoa dutela euskal hedabide eta kultur eragile handien fokua haienganatzea.
I.O.: Nik ez dut sentsazio hori. Iruditzen zait hedabideek badakitela Nafarroa Garaian zerbait gertatzen ari dela. Eta adi daude. Kontzertuekin ere gertatzen ari zaigu. Hamabost kontzertu ditugu lotuta, eta hiruzpalau soilik dira Nafarroan.

Chill Mafiakoek oso argi dute petatu nahi dutela eta musikatik bizi nahi dutela. Broken Brotherseko Jon Celestinok urteak daramatza arrakastari iskin egiten, underground izaten segitu ahal izateko. Zuek zein asmo duzue?
A.A.: Honetaz ez dugu inoiz hitz egin. Agian, nik gauza bat diot eta Ibaik beste bat.
I.O.: Musikan hasi nintzenean banituen ideia batzuk, eta pixka bat aldatu dira orain, buruan nituen gauza batzuk lortu ditudalako. Aurrekoan Larrabetzun jo genuen, eta han jotzea amets bat zen niretzat. Edo zure kantak beste batzuek abesten dituztela ikustea. Horrelako gauza txiki asko lortu digutu. Musikaz bizitzea? Bai, gustatuko litzaidake. Oso zaila ikusten dut, baina, aldi berean, geroz eta errazago...

Lehenengo diskoarekin, ordea, merezitakoa baino arrakasta urriagoa eduki zenuten A-15az harago. Diskotzarra zen.
A.A.: Ni pozten naiz boom txiki hau disko honekin eduki izanaz eta ez aurrekoarekin. Momentu hartan oraindik ez ginen talde bat, baizik eta bost musikari elkarrekin jotzen. Eta gauza asko zegoen lantzeko eta ikasteko. Oraindik badaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!