Jose Luis Mendilibar ez da Eibarko entrenatzaile izango hurrengo denboraldian

Anboto 2021ko mai. 25a, 20:36
(@SDEibar)

Jose Luis Mendilibarrek ez du SD Eibarko gizonezkoen lehen taldean jarraituko hurrengo denboraldian. Talde armaginak eta Zaldibarko entrenatzaileak elkarren arteko adostasunez erabaki dute euren bidea banatzea.

Entrenatzaile zaldibartarrak azken sei denboraldietan zuzendu du Eibar kluba, denak Lehen Mailan. Smartbank Ligara jaitsi ostean, bi aldeek euren harremana etetea adostu dute, Eibar klubak ohar batean jakinarazi duenez.

Mendilibarrek 248 norgehiagokatan zuzendu du taldea azken sei urteetan. Taldearen ardura 2015/16 denboraldian hartu zuen, Gaizka Garitano ordezkatu eta gero. Lehen bost denboraldietan mailari eusteko helburua lortu zuen. Bereziki azpimarragarria izan zen 2017-18 denboraldia. Eibarrek bere sailkapenik onena lortu zuen Lehen Mailan (9. postua) eta euskal talderik onena izan zen.

Zoritxarrez, aurtengo denboraldian Mendilibarrek ez du lortu Eibar lehen mailan mantentzea eta Bigarren Mailara jaitsi da.

Mendilibarrekin batera, Toni Ruiz prestatzaile fisikoak, Iñaki Bea bigarren entrenatzaileak eta Josu Anuzita atezainen entrenatzaileak ere ez dute jarraituko.

 Eibarrek ·"eskerrak" eman dizkio sei denboraldi hauetan talde teknikoak egin duen lanagatik, baita "euren profesionaltasunagatik eta dedikazioagatik" ere, eta etorkizunerako "zorterik handiena" opa die.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!