Zapatuan Zallan egingo den manifestaziora joateko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Maialen Zuazubiskar 2021ko mai. 20a, 13:09

Manifestazioa maiatzaren 22an izango da 18:00etan Zallan. Eskubide Sozialen Kartatik babesa eta elkartasuna helarazio diote Joaquin Beltranen familiari. 

Joan zen barikuan Joaquin Beltranen gorpuzkiak bilatzeko lanak amaitutzat eman zituen Jaurlaritzak. Orduz geroztik hainbat eragilek "erantzukizunak argitzeko" eskatu dute eta hainbat protesta egin dituzte. Zapatuan esaterako manifestazioa egingo dute Zallan, 18:00etan. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestaziora joateko dei egin du. 

Gainera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak  "erantzukizun politikoak argitzea" eta "azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa" dela azaldu du. "Zaldibarko zabortegia hondaratu eta 15 hilabete eta 8 egun eta gero, Jaurlaritzak, Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitu gabe, bilaketa etetea erabaki du. Bistan da afera hau gainetik kendu nahi dutela, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling errudun bakar gisa aurkeztuz, iritzi publikoaren aurrean", adierazi dute. Horrez gain, "egia ezagutu, justizia egin" eta berriro horrelakorik gerta ez dadin ziurtatzeko "azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa" dela azpimarratu du .

Bestalde,  2016az geroztik Zaldibarko zabortegia "arrisku larrian zegoela" eta ez direla "beharrezko neurketa eta kontrolak" egin salatu dute. "Eta horretan ardura politiko zuzena dute Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak", nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!