Jolastokiaren aldeko protestei berrekin die Jolastokiaren aldeko Batzordeak

Aritz Maldonado 2021ko api. 30a, 09:28

Zaldibarko Jolastokiaren Aldeko Batzordeak batzarra eta elkarretaratzea egin zituen eguaztenean, "udal gobernu taldearen jarrera salatzeko". Izan ere, "azalpen baten zain" jarraitzen dutela adierazi dute batzordeko kideek. 2020ko ekainaren 25ean, 1.033 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean. 

Sinadura bilketa 2020ko otsailean hasi zuten, baina zabortegiko hondamendiaren eta izurritearen eraginez eten egin zuten kanpaina. Zaldibarko biztanleriaren ia herenak babestu zuen dinamika. Zaldibarko Jolastokiaren Aldeko Batzordeak datu hori nabarmendu gura izan du: "Jasotako kopuruagaz harro gaude, biztanleen herena baino gehiago da, eta ukaezina da proiektu honek herritarron aldetik duen babesa". Hala ere, Jose Luis Maiztegi alkatearen aldetik erantzunik jaso barik jarraitzen dutela azpimarratu gura izan dute. 2020ko abenduko osoko bilkuran, batzordeak "kezka" agertu zuen eta alkateari azalpen bat emateko eskatu zioten bertaratuek. "Ia lau hilabete geroago, batzar horren zain gaude oraindino. Eta  ia urtebete igaro da sinadura guztiak aurkeztu genituela", kexatu dira. "Zelan da posible, hainbeste sinadura aurkeztuta ere, gugaz hartu-emanetan ez ipintzea?" galdetu dute batzordetik.

2018an, Zaldibarko hezkuntza komunitateak Amesten dugun jolastokia eraikitzen prozesu parte hartzailea ipini zuen martxan eskola publikoko patioa eta inguruko belargunea atontzeko. Patioa handitzeaz gainera, berau haurren "beharrizanetara egokitzea" zen proiektuaren helburua. 2019ko udal hauteskundeetako udal gobernu aldaketagaz proiektua bertan behera geratu zen. "2020ko aurrekontuetan 25.000 euroko partida bat sartuko zutela esan ziguten, baina badakigu zelakoa izan zen urte hori eta ez genuen berba egiteko aukerarik eduki;  baina 2021eko aurrekontuetan desagertu egin zen partida hori", azaldu dute batzordetik.

Batzordeko kideak "penaz"
"Pena handia ematen digu udal gobernu honek herritarrentzat hain garrantzitsuak diren gaiak errespetu honegaz tratatzea. Guk lanean jarraituko dugu, Zaldibarrek eta zaldibartarrok merezi dugulako", azaldu dute mobilizazioaren amaieran. Batzordeko kideek batzar bat egin zuten protesta ekitaldiaren aurretik. Aurrerantzean ere, erantzunik jaso ezean protestekin jarraituko dutela iragarri zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!