'Zaldibartik mundura' dokumentalaren bigarren emanaldia eskainiko dute zapatuan

Aritz Maldonado 2021ko mar. 5a, 13:28

Ohiko kulturarteko jaialdiaren alternatiba lez, eta zaldibartarren artean ere arrazismo kasuak gertatzen direla salatzeko, Zaldibarko Jendeak elkarteak ikus-entzunezko lana aurkeztu du.

Dominikar Errepublikatik, Kolonbiatik, Errumaniatik, Saharatik eta Senegaldik ailegatutako zaldibartarrek euren lekukotza eskaini dute Zaldibartik mundura dokumentalean. 35 minutuan zehar, sufrituriko zailtasunak eta desberdintasun egoerak aletzen dituzte protagonistek. "Bizitza ez da erraza kontraturik barik lan egin behar duzunean, ezarritakoa baino ordu gehiagoz, prekaritatean, lanpostu bi aldi berean betez, eta langileen eskubideak kontuan hartzen ez direnean. Gogorra da, tratua ez delako berdina guganako, eta askok besterik ez dutelako eusten diote egoerari. Egonkortasuna lortuta ere, eta integratu arren, aurreiritzi razialek hor jarraitzen dute", azaldu du Solange Rebeca S.B Diattak. Zaldibarko Jendeak elkarteko kiderik gazteena da bera, eta dokumentaleko protagonistetariko bat. "Badago maitasunagaitik datorrenik, baina asko etorkizun hobe baten bila datoz, eta lortzen dute,  baina ez da bide erraza", dio. Ainhoa Zabarte eta Unai Urizar dira dokumentalaren egileak; beraiek garatu dute ideia, eta grabatzeaz eta editatzeaz ere arduratu dira, besteak beste.

Pozik lanaren harreragaz
Otsailaren 27an estreinatu zuten Zaldibartik mundura. "Dokumentalari eskerrak, jende asko konturatu da Zaldibarren ere zeregin handia dagoela arrazismoaren gaia dela-eta, batez ere ikastetxe eta eskoletan", adierazi dute.  Biharko emanaldiak 17:00etan eta 17:30ean izango dira liburutegi zaharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!