Martxoaren 4ra arte dago Zaldibar auziko herri akusazioak diruz laguntzeko aukera

Joseba Derteano 2021ko ots. 18a, 12:58
Gaurko prentsaurrekoko irudia (@LABDurangaldea)

Zaldibar Argitu plataforma eta askotariko erakundeak batzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herri akusazio moduan arituko dira Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko epaiketan.

Horrek "lan eskerga zein diru inbertsio handia" suposatuko die gaur Durangoko epaitegiaren aurrean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Horregatik, diru bilketa herrikoia abian dago www.itsulapikoa.eus webgunean. Gogoratu zutenez martxoaren 4an amaituko da diru ekarpenak egiteko epea. Orain arte 9.800 euro batu dituzte.  "Gure ahalegina izango da prozesu honetan zehar egia eta justizia argitzea. Zentzu horretan, herritarroi bidelagun izatera gonbidatzen zaituztegu", azaldu zuten. 

Zaldibar Argitu plataformaren eta Eskubide Sozialen Kartaren ustez erantzukizunak "ezin dira eremu pribatura mugatu" eta harago joan beharra dago. "Eremu instituzionalak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa du. Egoera tragiko honen aurrean, patronalak sustatzen duen eredua ez salatzeak administrazio publikoa bera konplize bihurtzen du", azaldu dute. 

Kausa bi

Era berean, auzia "berriro ere kausa bitan" banatu dela jakin dute. Hori dela eta, "bigarren kausan ere aurkezteko tramiteak burutu ditugu eta aurki onarpen autoa jasotzea espero dugu; bigarren kausa honetan langileen aurkako delituak izango dira ikertua".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!