Lur-jausia Zaldibarren

Europako Batzordeak ez du kudeaketa hutsegiterik atzeman Eitzagako zabortegian

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 12a, 11:41

Europako Legebiltzarrak ikerketa bat egin du Zaldibar Argitu!, Ekologistak Martxan eta Ermuko San Lorenzo auzoko elkarteen eskariz. Txostenak ondorioztatu duenez, "Batzordeak ez du Europar Batasuneko arautegia urratu denik atzeman". 

Agentziek kaleratutako informazioaren arabera, Europako Batzordeak ez du arau hausterik atzeman Eitzagako hondakindegiaren kudeaketan. "Istripua gertatu zen momentuan" enpresa kudeatzaileak "baliozko baimena" zuela dio Bruselak, eta gaineratu du agintariek "urgentziazko neurriak hartu zituztela herritarren osasun kalteak eta ingurumen kalteak gutxitzeko". 

Txostenak, bestalde, istripua gertatu baino lehenagoko aroari ere erreparatzen dio. Batetik, agintari eskudunek "espazioa erregularki ikuskatzen" zutela dio. Bestetik, hondakindegiko operadorea isundua izan zela jasotzen du, "baina ez istripuari lotutako arrazoiengatik edo amiantoa modu ez seguruan ezabatzeagatik". Hondakindegiaren egonkortasunari buruz, Europako Batzordeak enpresa operadoreari leporatzen dio arazo horien berri 2018ko txosten batean jaso arren, horiek ez zitzaizkiela agintariei jakinarazi. 

Edozelan ere, auzitegietako prozedura gertutik jarraituko duela adierazi du Europako Batzordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!