Lur-jausia Zaldibarren

Lau aldarrikapen batzen dituen mozioa aurkeztu du Zaldibarko EH Bilduk udalean

Anboto 2021ko ots. 5a, 10:50

Artxiboko irudia.

Otsaileko bilkuran eztabaidatuko da mozioa. Bertan, udal gobernu taldeari "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatzen dio alderdi subiranistak. "Langileak, erantzukizunak, osasuna eta informazioa" dira mozioaren ardatzak.

Alde batetik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen familia eta gertukoei babesa agertzea eta Beltranen bilaketa lanekin jarraitzea eskatzen du mozioak. Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzari "eta dagokien erakundeei" airearen, uraren, lurraren edo "bestelako aspektuen" neurketa eguneratuak egitea, eta "era zehatzean eta argian publiko egitea". 

Beste alde batetik, "informatzeko herri batzarrak" egiteko konpromisoa hartzeko eskatzen dio EH Bilduk udal gobernu taldeari. Halaber, Eitzagako, Sallabenteko eta Olarreagako bizilagunei "azterketa mediko espezifikoak" egitea eskatu du EH Bildu mozioan. Amaitzeko, "erantzukizunak argitzeko" lan egiteko konpromisoa hartzeko eskatzen du mozio berean, "batetik, Durangoko epaitegietan zabalik dauden prozeduretan aktiboki parte hartuz, eta  bestetik, Eusko Jaurlaritzari barne erantzukizunak argitzeko espedientea ireki dezan eskatuz". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!