Ekologistan Martxanek hedabideetara bidalitako ohar batean adierazi duenez, Durangoko epaitegiak auto bat kaleratu zuen joan den urtarrilaren 22an, eta horren arabera, epaitegiak "ikertutzat" jo ditu Verter Recycling enpresako hiru arduradun nagusiak, eta Verter Recycling 2000 S.L. merkataritza-sozietatea bera.
"Autoaren arabera, azkenean hasiera eman diote ikerketa judizialari, ingurumen delituagatik, gertakari oso larriak izan zirelako, eta, hondamendi ekologikoaz gain, zabortegiko bi langile hil zirelako", adierazi du Ekologistak Martxanek. "Orain, zigor-arloko prozedura batek eskaintzen dituen berme eta aukerekin gertakarien ingurumen-inplikazioak ikertzen hasteko garaia da, osasun publikoaren eta ingurumenaren aurkako deliturik egin den eta nor diren erantzuleak zehazteko", adierazi du Ekologistak Martxanek.
Ia urtebete
Otsailaren 6an urte bat beteko da Eitzagako hondakindegia amildu zenetik. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginak lurpean harrapatuta gelditu ziren. Hurrengo egunetan ingurumen kalte nabarmenak izan ziren Eitzagako, Ermuko, Eibarko eta Elgetako inguruetan. Hondakindegian piztutako suteak airearen kalitateagatiko kezka piztu zuen. Zabortegiko lixibiatuak, berriz, inguruko erreketara ailegatu ziren.
Ekologistak Martxanek otsailaren 6an egitekoak diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.Bestalde, erakundeak gaineratu du urtarrilaren 30ean 'Aldaketaldia' izeneko egitasmoa burutuko duela Euskal Herri osoan, erakunde sozialekin, erakunde ekologistekin eta sindikatuekin elkarlanean. Zaldibarkoa gogoratzea eta klima krisialdia azaleratzea gura dute egitasmoagaz.