Lur-jausia Zaldibarren

Jaurlaritzaren arabera, Verter Recycling da zabortegia amildu ostean izandako ingurumen kalteen arduraduna

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 20a, 13:05

Erreketako uretan, lur azpiko uretan eta lurrazalean egondako ingurumen kalteen arduraduna zabortegia bera dela ebatzi du Jaurlaritzak, amiltzea gertatu zenean "instalazioen operadorea" bera zelako.

Eusko Jaurlaritzak iazko martxoaren 4an zabaldutako ingurumen espedientearen ebazpena kaleratu du gaur. Ebazpen horren arabera,  Verter Recycling enpresa litzateke zabortegia amildu osteko egunetan egon ziren ingurumen kalteen erantzulea. Honako kalte hauen erantzule litzateke Verter, Jaurlaritzaren esanetan: lur azpiko uretan, erreketako uretan eta lurrazal gainean egondako ingurumen kalteen erantzule. Jaurlaritzaren ebazpen horrek URA agentziaren txosten bat du oinarri.

Kalteak, arloka

  • URAren arabera, "erreglamenduz zehaztutako kalitate arauak eta atalase-balioak gainditzen dituzten emaitza analitikoak" topatu dituzte lur azpiko uretan.
  • Errekastoetako urei dagokienez, berriz, ezarritako arau mugak gainditzen dituzten "bentzenopireno eta fluoranteno" kontzentrazioak topatu dituzte Aixolako ubidean. Ego errekan ere, uraren kalitateak okerrera egin duela baieztatu dute. 300 metroko erreka tarte batean amonio eta ortofosfato konposatuen eragina dagoela dio URAk.
  • Azkenik, zabortegian inpermeabilizatu bako arlo bat zegoela, eta arlo horren gainean hondakin arriskutsuak zeudela adierazi du Jaurlaritzak. Horrek, ondorioz, lurzoruaren kalitate aderazpena ematea "eragotzi" duela gaineratu du.

Verterri begirako ondorioak

Jaurlaritzak honako hau ondorioztatu du ebazpenean:

  • Zabortegiko instalazioen operadoren den aldetik, Verter Recyclingi dagokiola deskribatutako eta konpondu beharreko kalteen erantzukizuna.
  • Verterri eskatu dio kalte gehiago prebenitzeko neurriak har ditzala
  • Izandako ingurumen-kalteak konpontzeko proiektua aurkeztu dezala.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!