Gizonezko bat atxilotu dute Zaldibarren, bikotekidea arma zuriz erasotzea egotzita

Anboto 2020ko abe. 17a, 15:31
Zaldibarko Dominika talde feministaren ekintza bat. ARTXIBOA.

Erasoaren ondorioz, emakumeak ebakiak zituen aurpegian eta eskuetan. Galdakaoko ospitalera eraman dute. Gizonezkoak 54 urte ditu.

Ertzaintzak 54 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Zaldibarren, bikotekidea arma zuriz erasotzea egotzita. Ertzaintzak ohar batean adierazi duenez, emakumeak goizeko hamarrak inguruan deitu du larrialdi zerbitzuetara, eraso bat jasan berri duela esanez. Ertzaintza Zaldibarrera bertaratu da, eta, biktima eta ustezko erasotzailea identifikatu ditu. Emakumeak ebaketak zituen aurpegian eta eskuetan. Larrialdi zerbitzuek Galdakaoko ospitalera eraman dute. Azkenik, biktimak salaketa ipini du komisaldegian. Ertzaintzak erasoan erabilitako ustezko labana identifikatu eta gizonezkoa atxilotu du indarkeria matxistari lotutako delitua egotzita.

Dominika Zaldibarko Talde Feministak elkarretaratzera deitu du biharko, 19:00etan, udaletxeko plazan. Udaleko bozeramaileen batzordeak erasoa gaitzetsi du eta kontzentrazio deialdiagaz bat egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!