Zaldibarko hondakindegiaren inguruan ANBOTOk kaleratutako erreportajeak TOKIKOM saria jaso du

Anboto 2020ko abe. 17a, 19:35

Garaiotara egokituta bada ere, azken urteotan hasitako bideari jarraiki, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak banatu ditu aurten ere, euskarazko toki komunikabideen lanaren bikaintasuna aldarrikatzeko eta gizarteratzeko asmoz.

Segurtasun neurriek hala behartuta, sariak banatzeko ekitaldi presentzialaren ordez, toki telebistetan eta TOKIKOM sareko webguneetan batera emititu den telebista saio baten bitartez jakinarazi dituzte saridunen izenak. Saio horretan, eta umore klabean beti ere, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik errepaso zabala egin diote euskarazko toki komunikabideek urtean egindako lanari, arreta berezia jarriz saria eskuratu duten edukietan.

Edukirik onenaren saria ANBOTO astekariarentzat izan da. Tamalez, 2020 arraro honek pisu handiko albiste asko eman ditu, tartean Zaldibarko hondakindegiko gertakari latzak. "Otsail erdialdean, Durangaldeko hedabideak hiru orrialdeko tarte zabala eskaini zion, ikuspuntu, testigantza eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuz", azaldu du Tokikomek. Lan horri eman dio edukirik onenaren saria epaimahaiak, UribeKostako Hirukagaz eta Orio eta Aiako Karkaragaz norgehiagokan. "ANBOTOn ahalegin handia egin dugu Zaldibarko hondakindegiaren hondamendiaren jarraipena egiteko. Horregaitik, epaimahaiari eskerrak eman gura dizkiogu", azaldu du Jone Guenetxea astekariko zuzendariak. Ekaitz Herrerak, Ainhoa Iraolak, Igor Galartzak eta Jone Guenetxeak idatzitako erreportajea izan da saritua. "Hedabide handiek ere landu duten gai batean, guk geure komunitatearen ikuspuntua eman gura izan dugu. Saritua izan den erreportaje horretan, Eitzagako auzokideek protagonismo handia dute, eta horixe da gure indargunea. Eskualdea osatzen duten pertsonak", gaineratu du Guenetxeak.

Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua astekariak lortu du, Azkoitiko Maxixatzen eta Sakanako Guaixe aldizkariekin lehia estuan. Epaimahaiak azal honen lan grafikoa goraipatu du: oso elementu sinple gutxigaz oso irudi adierazgarria osatuz, alde estetikotik garbitasuna, oreka eta dotorezia galdu barik.

Ikus-entzunezkorik onenaren saria Zumaia aldera joan da aurtengoan. Erlo Telebistak eta Baleike aldizkariak erreportaje ikusgarria sortu dute, herrian sasoi batean zegoen marea errotaren berri emanez. Epaimahaiak ikus-entzunezkoaren beraren faktura bikaina eta atzetik sumatzen den dokumentazio lan izugarria nabarmendu du saria lan honi emateko orduan. Kategoria honetan, Beterri-Buruntzako Aiurri eta Sakanako Guaixe ere aritu dira lehian.

Komunitatearen saria
Aurtengo edizioan laugarren kategoria bat ere gehitu zaie horiei: Komunitatearen Saria. 

Epaimahaiak aukeratutako bederatzi lan finalistak hamar egunean egon dira bozketagai, azaroaren hasieran, publikoak gogokoena aukeratzeko. Guztira, 1.256 boto jaso dira. Lehenengo hiru postuen artean oso alde txikia izan bada ere, botorik gehien jaso duen lanak 267 jaso ditu, guztien %21. Ondorioz, TOKIKOM Sarien 2020ko Komunitatearen Saria Beterri-Buruntzako Aiurrirentzat da, “#Bertsovid-19” ekimenagaitik.

TOKIKOMetik zorionak eman gura izan dizkiete saria jaso duten zein parte hartu duten toki komunikabide guztiei. Azpimarratu dutenez, “zabalduta dagoen aurreiritziaren kontra, euskarazko toki komunikabideek kazetaritza lan aparta egiten dute eta sari hauek oso argi utzi dute hori berriro, euskarri eta formatu guztietan, gainera”. Antolatzaileek gonbitea zabaldu dute sarien webgunea bisitatu eta bertan arakatzeko lan finalista guztiak, “benetan ederrak eta denbora eskaintzeko modukoak dira eta”.

TOKIKOM Sarien epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Tania Arriagak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatu dute. Lan zaila izan dute aukeraketa egiten, kalitate handiko eta eduki zein formatu oso ezberdinetako lanak aurkeztu baitira sariketara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!