Europako Batzordeak Zaldibarko hondakindegiko lur-jausia aztertuko du

Anboto 2020ko abe. 8a, 12:02

Artxiboko irudia.

Europako Parlamentuak Ekologistak Martxanek, Zaldibar Argituk eta San Lorenzoko auzo elkarteak egindako eskaera onartu du. 

Ekologistak Martxanek eman du erabakiaren berri. Zaldibar Auzia ikertzeko eskatu eta bost hilabetera erantzun du Europako Parlamentuak. Bruselara bidalitako txostenean, besteak beste, Verter Recyclingek kudeaturiko hondakindegiak aurreikusitako epearen laurdenean edukieraren erdia bete zuela nabarmendu zuten Ekologistak Martxanek, Zaldibar Argituk eta San Lorenzoko auzo elkarteak. Horrez gainera, otsailaren 6an hondakindegia amildu zenean desagertu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen erreskate lanetan parte hartu zuten larrialdi-taldeetako kideek zabortegian amianto hondakinak zeudela jakin barik lanean aritu zirela salatu zuten txostenean. "Larrialdi taldeak iritsi eta zortzi ordura ohartarazi zituzten. Zabortegiak eraikuntzako 16.148 tona hondakin amiantoarekin biltegiratzen zituela aintzat hartzen da, baita alde aurreko tratamendurik, isolamendurik edo bereizketarik gabe, gainerako hondakinekin nahastuta zeudela ere".

Hondamenditik ia urtebete igaro denean, Joaquin Beltranek desagerturik jarraitzen duela nabarmendu du, gainera, Ekologistak Martxan elkarteak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!