San Andres jaiak bertan behera uzteko eskatu dio EH Bilduk Zaldibarko Udalari

Anboto 2020ko urr. 26a, 10:07

Udalean egindako batzordeetan San Andres jaiak bertan behera uzteko, eta ostalariei diru laguntzak bideratzeko eskatu dio udalari Zaldibarko EH Bilduk. 

"Zaldibarren eta Durangaldean Covidaren eragina kontutan hartuta jaiak ez ospatzeko erabakia hartu beharko luke udalak, eta era berean jaietako asteburuan ohikoak izaten diren kinto eta koadrila bazkari eta ospakizunak ez egiteko deia egin behar die herritarrei. Udalak ezin du egoeraren aurrean ezinikusiarena egin" eskatu dio EH Bilduk udalari. Horrez gainera, asteburu horretan egitekoak ziren ekintzak beste data batzutan egitea eskatu du alderdi independentistak.

Bestalde, Zaldibarko ostalaritza bultzatzeko 9.000 euro bideratzea eskatu dio udalari. Tabernari bakoitzak 750 euro jasoko lituzke proposamen honekin EH Bilduren arabera. "Eusko Jaurlaritzak ez du momentuz ostalaritza sektorea laguntzeko plan berezirik martxan, eta ostalaritzan arauak gogortuko direla kontutan hartuta, ostalaritza laguntzeko eskatuko diogu udalari". Horrez gainera, gabonetako bonoen kanpaina aurreratzea ere eskatu diote udalari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!