Zaldibar Argitu herri plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bateratua egin dute, orain arte kalean erakutsitako "kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia" dela iritzita. "Uste dugu, herri konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik, herritarron ahotsa epaiketan presente egon behar dela, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik", jasotzen du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu herri plataformak argitaratutako oharrak.
Horregatik, herri akusazio modura aurkeztuko dira Zaldibarko zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara. "Katastrofe humano, ekologiko eta sozial honen aurrean erantzukizun zehatzak argitzea eta gertatu denaren gaineko informazio gardena izatea ezinbestekoa da halakorik berriro gerta ez dadin. Langileek, herritarrok eta ingurugiroak guztion kontura negozioa egiten duten talde klientelarrik gabeko herria merezi dugu, ez diezaiegun utzi lehengo modu berean jokatzera itzultzen, ezer gertatu izan ez balitz bezala eskuak garbitzen", adierazi dute.
Epaiketak izango dituen gastuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina bat jarriko dute martxan. Izan ere, "garrantzitsua" iruditzen zaie herritarrek prozesu guzti honetan "ahots propioa" izatea.
Era berean, gogoratu dute Joaquin Beltranek oraindik aurkitu gabe jarraitzen duela eta mobilizazioak iragarri dituzte. "Urriaren 8an, zortzigarren hilabatearen harira, mobilizazio bateratua antolatuko dugu bere bizileku eta herrian, Zallan. Bertan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak, nahikoa dela esateko eta bertatik lehenbaitlehen atera dezatela eskatzeko".