Zabortegian ingurumen baldintzak betetzen zirela dio txosten batek

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 4a, 19:30

Ingurumen Sailak kanpo-auditoretza bat egitea eskatu zion apirilean Erresuma Batuko enpresa bati. Orain, bueltako txostena iritsi da. Jaurlaritzak dioenez, txostenak ondorioztatzen du Verterrek legeak markatutako ingurumen baldintzak betetzen zituela. Dena den, ñabardura batzuk ere badira. 

Jaurlaritzak dioenez, auditoreek ondorioztatu dute "Europako zuzentarauaren eskakizunetara" egokitzen zirela "Verter Recycling enpresari ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak eta Ingurumen Administrazioak baldintza horiek betetzen zirela ziurtatzeko egindako kontrola". Horixe agertzen da Ingurumen Sailak hedabideetara bidalitako prentsa-oharrean.

Txostenak bi ondorio nagusi utzi dituela dio Jaurlaritzak. Bat: Zaldibarko zabortegiaren ingurumen baimenak "lege-eskakizun guztiak" betetzen zituela; eta bi: administrazioak zabortegiari egindako kontrola "eraginkorra" izan zela.

Ñabardurak

Dena den, Ingurumen Sailak aitortu du auditoreek hainbat ñabardura egin dizkiotela. Horietako batek airera isurtzen ziren kutsatzaileekin du lotura. Auditoreen esanetan, airera hautsik ez isurtzeko mugak zehatzagoak izan beharko ziratekeen. Hau da, zehatzagoa izan behar zen kutsatzaileen emisio difusoetarako muga. Azken hau "ñabardura txiki bat" baino ez litzateke Ingurumen Sailaren esanetan.

Administrazioek zabortegiari egindako jarraipenari buruz ere bada beste ñabardura bat: auditoreen esanetan ez dago erregistratuta zein enpresak egiten zuen zabortegiaren jarraipen eta kontrol azterketa  bakoitza. 

Eusko Jaurlaritzak hainbat ingurumen azterketa egin izan dizkio zabortegiari. 2014ko urrian, 2017ko maiatzean eta 2019ko ekainean. 2019ko ekainekoa izan zen azkena. Ordu hartako ikuskatzean ingurumen baimen integratuaren betetze maila "baxua" zela jaso zuen txostenak. Txostenean jaso zitekeen mailarik txikiena zen. Horren arabera, arau hauste larriren bat zegoen, edo arau hauste txikiago askoren pilaketa. Ikuskatze txostenean ez ziren arau hausteak zeintzuk ziren zehazten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!