Ingurumen Sailaren ikerketa batek dio Verterren ez zegoela baimendu bako elementurik

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 3a, 18:00

Ondorio hori atera du Ingurumen Sailak, zabortegiko lur-jausia gertatu eta hurrengo egunetan egindako "ikuskatze bisuala" egin eta gero. Txostenak ez du aztertzen ea elementuak modu egokian gordetzen ziren ala ez.

Ingurumen Sailak dio Eitzagako hondakindegian ez zela baimendu bako elementurik gordetzen. Hala ondorioztatu du sail berak berriki kaleratutako txosten batek. Dena den, Ingurumen Sailak azaldu du txostena "ikuskatze bisual" batean oinarrituta dagoela. Hau da: zabortegia amildu eta hurrengo egunetan, bertan zeuden elementuak identifikatzeari eta dokumentatzeari ekin zioten Ingurumen Saileko teknikariek. Lur-jausiaren eremua 38 zatitan banatu, eta "ikuskatze bisual" bat egin zuten. Zerrenda batean bildu zituzten identifikatutako elementuak. Horien artean ageri dira eraikuntza materialak, industria lantegietako zepak eta amiantoa, besteak beste.

Ikuskatze bisualagaz gain, zabortegiko lurrak eta laginak laborategiren batean ikertzen ari ote diren galdetuta, Ingurumen Sailak erantzun du, oraingoz, ikerketen emaitzak ez direla ezagutzen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!