Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibar Argitu: "Elkartasuna helarazi nahi diegu Sololuzeren eta Beltranen senitartekoei"

Maialen Zuazubiskar 2020ko abu. 19a, 15:34

LAB eta ESK sindikatuetako kideek ere beraien "babes eta elkartasuna" helarazi diete Alberto Sololuzeren familiartekoei. Baita oraindik desagertuta jarraitzen duen Joaquin Beltranen senitartekoei ere. 

Azken egunotan Zaldibarko zabortegian aurkitutako gorpuzkinak Alberto Sololuzerenak direla konfirmatu diren egunean, Zaldibar Argitu plataformako kideek beraien "elkartasunik beroenak" bidali dizkiete Sololuzeren senitarteko eta lagunei, baita Joaquin Beltranen familiartekoei ere.  "Sei hilabeteren ostean Alberto Sololuzeren gorpuzkinak aurkitu izana aurrerapena da, batez ere familiarentzat, dolu prozesuan aurrera egin ahal izateko. Hala ere, oraindik Joaquin Beltranek desgertuta jarraitzen du eta bilaketa lanek etenik gabe jarraitu dezatela eskatzen diegu erakundeei", esan dute plataformako kideek. 

Bestalde, Zaldibar Argitukoek Beltran aurkitu arte lanean jarraituko dutela esan dute, baita erantzukizun politiko guztiak herritarren aurrean argitu arte. "Tragedia honek herritarron eta ingurugiroaren osasunean izan dituen eta izango dituen ondorioak ezagutu arte, eta erantzukizun politiko guztiak herritarren aurrean argitu arte lanean jarraituko dugu", bukatu dute.

LAB eta ESK sindikatuak
Bestalde, hainbat sindikatuk ere beraien babesa helarazi gura izan diete Verter Recycling enpresako langile bien senitartekoei. "LAB sindikatutik, gure doluminak, babes eta elkartasun guztia helarazi nahi dizkiegu Alberto Sololuzeren familia eta hurbilekoei. Baita, oraindik desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senide eta gertukoei ere. Hura aurkitu arte, bilaketa lanekin jarraitzea eskatzen dugu, behar diren baliabide guztiekin", adierazi dute LAB sindikatutik. 

Horrez gain, sindikatuek erantzukizun publiko zein pribatuak argitzea eskatu dute.  ESK sindikatuak esaterako Iñaki Arriolaren dimisioa eskatu du. "Gertatukoaren ostean Iñaki Arriola ezin da Eusko Jaurlaritzako sailburua izan, beraz ESK sindikatuak espero duen bakarra diputatuaren dimisioa da", azaldu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!