Eusko Jaurlaritzako Ondare Naturala eta Klima Aldaketa saileko zuzendaria den Aitor Zuluetak eta Segurtasun Saileko sailburuordea den Josu Zubillagak eman dituzte azalpenak.
Forentseek eta polizia zientifikoak tokian bertan egindako aurretiko azterketaren arabera gaur zabortegian aurkitu duten hezurra gizaki batena da. Zehaztu dute, baita, hankako tibia hezurra dela.
Hezurraren azterketa
Orain forentseek beharrezko DNA azterketak egingo dituzte hezurra zabortegiko lurjausian desagertutako batena (Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzerena) den jakiteko. "Egun batzuk" beharko dituzte emaitzak lortzeko, Zubillagaren esanetan.
Hezurrarekin batera tela zati bat aurkitu dute, baina proba hori ez dela fidagarria adierazi dute. "Tela hori hile askoan lurpean egon da, lixibiatuen eta hondakinen artean eta tenperatura aldaketekin", azaldu du Zubillagak. Baldintza horretan tela arrastoak "ezagunezinak" direla gaineratu du Zuluetak eta ikerketa zientifikoak emango dituela "datu fidagarriak".
Aurreikusten zuten gunean
Hipotesi nagusiak zihoen arrastoren bat aurkitzeko aukerarik handiena zabortegiko baskula inguruan zegoela eta, hain zuzen, hantxe aurkitu dute hezurra, 23 metroko sakoneran.
Beraz, aurrentzean gune horretan "modu zehatzagoan" lan egingo dute bihartik aurrera, Zuluetaren esanetan. "Makineria handia erretiratu egingo dugu eta hemendik aurrera, zelanbait esateko, lan kirurgikoa izango da, zehatzago eta xeheagoa jardungo dute langileek".