“Bertan egon arren, ezagutzen ez ditugun txokoak erakutsi gura ditut”

Aritz Maldonado 2020ko uzt. 18a, 10:30

Lehior Elorriaga Azpitarte (1981) zaldibartarraren argazkiak ikusgai daude Zarauzko (Gipuzkoa) Arkami Arkitektoak estudioaren galerian. Uda osoan zehar egongo da ikusgai Elorriagaren lehenengo erakusketa izango dena.

Zer ikusiko du erakusketara joaten denak?
Normalean pertsonekin egiten dut lan, familiekin edota ezkontzetan, baina niretzat argazkilaritza natura, lurra, bizitza da, eta argi nuen erakusketarako nire hori erakutsi gura nuela. Erakutsi izan ditut sare sozialetan natura ildoko argazkiak, mendia, itsasoa edota kanpo espazioak erakusten dituztenak. Eduki izan ditut erakusketak egiteko proposamenak, baina ez dira gauzatu. Oraingoan, egitea erabaki dut.

Euskal Herriko irudiak dira denak, konfinamendu aurretik zein ostean ateratako argazkiak. Gertu izan arren, ezagutzen ez ditugun txokoak erakutsi gura izan ditut; askotan ez dakigu zer dugun etxe alboan. Horregatik agertzen dira Euskal Herriko mendiak edota itsasoak. Animaliak ere ageri dira, nire ikuskeratik. Pertsonak ere bai; nahiko txiki ageri dira argazkietan, eta hori helburu bategaz egin dut: naturak duen handitasunean txiki erakustea gizakia. Naturak duen handitasunean, beste modu batera kokatu beharko ginateke, pentsatzen duguna baino gutxiago gara eta.

Nola eragin dizu koronabirusaren agerpenak?
Autonomo profesional moduan, galera handiak izan ditut; baina, sortzaile gisa, hazteko balio izan dit. Editatu barik nituen hainbat argazkirekin lan egiteko aukera eduki dut; orain arte bigarren planoan izan ditudan argazkiekin jolastu eta horiek publikatzeko tartea hartu dut. Etxean, nire gorputz biluziarekin esperimentatzeko aukera ere eduki dut. Asko gustatzen zaizkit azalarekin eta argiekin lortzen diren kontrasteak. Beharbada, konplexuagatik ez dut horrelakorik egin orain arte.

Aurrera begira, zer asmo?
Ezkontzak  asko gutxitu dira;  familiekin ere baditut lan batzuk egiteko. Nire asmoa da mendira joan eta naturako argazkiak egiten jarraitzea. Aurtengo egoeran, furgoneta hartu eta Kantabriara, Asturiasera edo Pirinioetara joateko gogoa dut, beste leku batzuk ezagutzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!