Lur-jausia Zaldibarren

Sortuk pankarta bat ipini du Eitzagako harresian, "Jaurlaritzaren ardurabakokeria" salatzeko

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 6a, 19:36

Sortu alderdiko hainbat aktibistek pankarta bat ipini dute gaur, Eitzagan, A-8 parean. Aldundiak lur-jausiak ekiditeko eraiki duen harresian eskegi dute pankarta. Iñigo Urkullu lehendakariaren aurpegia ageri da bertan.

Sortu alderdiak bere ekintza argudiatu du ANBOTOri igorritako oharrean. "EAJk eta Eusko Jaurlaritzak" Zaldibarko hondakindegiaren gertakarian "erakutsitako arduragabekeria" salatu gura izan dute. "Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranek bost hilabeteren buruan zabor artean lurperatuta jarraitzen duten artean, oraindik inork ez du inolako ardurarik bere gain hartu bi ezbeharrarengatik eta milaka bizilagunen osasuna arriskuan jartzeagatik. Eta okerragoa dena: gorputzak topatzearen aitzakiapean Verter Recycling enpresari zabortegia handitzeko baimena eman berri diote", adierazi du Sortuk.

Alderdi ezkertiar eta abertzaleak azpiegituren kontrol publikoa aldarrikatu du, "interes ekonomiko pribatuak eta negozioak nagusi direnean, osasuna, segurtasuna eta bizitza" galtzaile direla iritzita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!