Bost hilabete pasatu dira Eitzagako hondakindegiko lur-jausitik eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak desagertu zirenetik. Bost hilabete, edo, zehatzago esanda, 151 egun. Hori dela eta mobilizatzera deitu du Zaldibar Argitu plataformak. Zaldibartarrek mosaiko bat egingo dute udaletxe plazan, arratsaldeko 19:00etan. 151 zenbakia irudikatuko dute.
Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformaren bozeramailea da. Mobilizaziorako arrazoiak zeintzuk diren azaldu du. "Gaur 151 egun betetzen dira lur-jausia gertatu zenetik. Azpimarratu gura dugu beharginek oraindik hor segitzen dutela, ingurumen kalteen informaziorik ez dugula, ez ditugula bertan gorde izan diren substantzien berririk, eta, eremu politikoan ez dela ez ardurarik hartu ezta autokritikarik egin ere".