"Zabortegiko biltegia ez zela behin-behinekoa izango salatu genuen auzokideok eta esandakoa betetzen ari da"

Jone Guenetxea 2020ko uzt. 1a, 12:01

Instituzioek hartutako erabakien inguruko informaziorik ez dutela jasotzen kritikatu dute Eitzagako auzokideek. 

Eitzagako bizilagunek prentsaren bidez jakin zuten atzo Ingurumen Sailak Verter Recycling enpresari baimena eman diola Etxebarri baserriaren inguruan dagoen hondakinen biltegia handitzeko. "Instituzioen aldetik hondakindegiaren inguruan hartzen diren erabakien inguruko informaziorik ez dugu jasotzen", salatu dute eitzagatarrek. "Zabortegiko biltegia ez zela behin-behinekoa izango salatu genuen auzokideok eta esandakoa betetzen ari da", gaineratu dute.

Biltegiaren zabalkundea egiteko beharrezkoak diren lanetarako kamioiak auzotik pasa daitezkeela uste dute. "Hondakinak goitik mugitu arren, biltegia bera egokitzeko kamioiak auzotik ez pasatzea espero dugu. "Egun hauetan kamioi handiak pasatzen ari dira EItzagatik, eta horrek arduratu egiten gaitu", diote auzokideek. 

Mozioa udaletxean

Zaldibarko Udaleko azken osoko bilkuran Eitzagako bizilagunek mozioa aurkeztu zuten. Dokumentu horretan auzokideei azterketa medikuak egitea eskatu zuten. Inguru horretan 74 pertsona bizi dira, Sallabente eta Olarreaga barne. Lur mugimenduen inguruko informazioa jasotzea ere eskatu zuten. Bestalde, Zaldibarko Udalari eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eskatzeko lur-jausiaren ondorioen eta hasierako mugimenduen eraginpean zuzenean egon ziren lau pertsonei kalteak baloratzeko eta konpentsazio partzialak egiteko izapideak azkartzeko. Mozioa ez zuten onartu. EAJk eta PSE-EEk kontrako botoa eman zuten. EH Bilduk aldeko botoa eman zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!