“Guretzat garrantzitsua zen lotuta zeuden kultur ekimenei eustea”

Aritz Maldonado 2020ko eka. 28a, 11:00

Jaimorfosia izango da aurten Zaldibarko txosna batzordeak bertako jaiak ospatzeko aukeraturiko leloa. Koronabirusaren agerpenak guztiz baldintzatutako jaiak izango dira, eta beste modu batekoak ere bai. Uztailaren 2an hasi eta 5era arte iraungo dute, eta Ismene San Martin Lasuen (Zaldibar, 1993), Nerea Lizarralde Sampedro (Zaldibar, 1994) eta Pello Zabarte Narbaiza (Zaldibar, 1997) txosna batzordeko kideek aitortu dutenez, inoiz baino gogoeta handiagoa egin behar izan dute jaiok antolatzeko. Gaztetxeko, Dominika talde feministako eta Ernaiko kideak ere badira.

Zer da Jaimorfosia?
Pello Zabarte Narbaiza: Hiru eragilek osatzen dugu txosna batzordea, eta berrasmatu egin behar izan ditugu jaiak. Oinarri batzuk aldatu eta segurtasun neurri guztiekin sasoi berrietara egokitu behar izan ditugu. Esate baterako, gauetan ez da ekitaldirik egingo, baina jai herrikoiek dituzten bestelako ezaugarri batzuek bere horretan jarraituko dute: aldarrikapena, komunitatearen indartzea... Azken hileetan indartu diren beste balio batzuk erdigunean ipini gura izan ditugu; zaintza, esaterako.
Ismene San Martin Lasuen: Asko eztabaidatu dugu, jaiak egin ala ez. Aurrera egitea erabaki genuenean, koherentziagaz eta zentzuagaz izan behar zela erabaki genuen. Txosna batzordea bera da lehenengo interesatua gauzak ondo egiteko. Hasieratik baztertu genuen orain arteko eredua duten jaiak.

Ez zen erraza izango jaiak ospatzeko erabakia hartzea.
Nerea Lizarralde Sampedro:
Uste dugu herriak merezi zuela jai batzuk antolatzea. Egon garen moduan egotetik gatoz, eta pentsatu genuen aukera ona zela herrian bertan kontzertu batzuk edo kultur jai batzuk antolatzea, eta disfrutatzea.
Prozesu honen hasierako eztabaidetan, inor gutxik pentsatuko zuen horrelako jai batzuk ospatuko zirenik. Asko hausnartu behar izan dugu, eta berrantolatu. Garrantzitsua da jaiak mentalitate berri bategaz gozatzea.
I.S.L.: Ez da egun batetik bestera aldatutako jai eredu bat. Prozesu bat izan da, eta aukerak zeintzuk diren ikusten joan gara bidean.

Zelako jaiak aurreikusten dituzue?
P.Z.N.:
Jai herrikoien berrasmatze honetan, kultura ardatz lez hartu gura izan dugu, sektore hau, gaur gaurkoz, krisi ekonomikoa gehien sufritzen dabilen sektoreetariko bat delako.
I.S.L.: Luhartzekoek eskertu digute eurekin genuen konpromisoari eustea. Haiek, gure moduan, berregokitzapenak egin behar izan dituzte. Zapatuan gazte olinpiadak egin ohi izan dira. Orain, aulkietan egin beharko ditugu olinpiada horiek, adibidez.
N.L.S.: Urtero moduan antolatuko ditugu jaiak, auzolanean eta herriko jendearen artean. Aurten, barrako txandak barik, bestelako txandak edukiko ditugu: sarrera-irteerak zaindu, desinfekzio txanda...

Jaiak diru iturria izan ohi dira herri mugimenduarentzat. Ez da buruhauste makala izango antolaketa.
P.Z.N.:
Kasu honetan, ez diogu arreta berezirik eskaini. Hasieratik asumitu genuen aurtengo jaietan ez zela dirurik irabaziko. Urtero lez, kamisetak aterako ditugu, eta horrek zeozertxo lagunduko digu. Jaien funtzioetariko bat herri mugimendua diruz hornitzea da, baina aurten ez du hori beteko.

Uztailaren 2an hasiko dituzue aurtengo jaiak.
I.S.L.:
Eguenetik domekara ospatuko ditugu, betiko moduan.
N.L.S.: Zapatuan herriko musikariei egin gura izan diegu tartea. Konfinamendu sasoian egitarau herrikoia sortu zuten zaintza sarean, eta hortik dator aukera hau.
I.S.L.: Herriko musikariei plaza hori eskaintzeaz gainera, aurretik genituen konpromisoak mantentzea garrantzitsua da guretzat. Sua eta Luhartz taldeen emanaldia lotuta genuen pandemiaren aurretik ere; garrantzitsua da horri eustea, baita urtero datozen teknikariengaitik ere.
I.S.L.: Txosnagunean apustu argi bat egingo dugu osasuna bermatzeko neurrien alde. Gure baliabideen arabera beti ere, baina lanketa egin gura dugu, herritarrei neurri hauek azaltzeko, jai hauek egitearen arrazoiak azaltzeko, eta baita ospatzeko eta disfrutatzeko ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!