Jolastokiaren proiektuari berrekiteko eskatzen duten 1.033 sinadura aurkeztu dituzte Zaldibarko udaletxean

Anboto 2020ko eka. 25a, 18:37

“Udalak birplanteatu egin behar du jolastokiari buruz hartu zuen erabakia” azaldu dute bertaratuek. Eskaera Zaldibarko biztanleriaren ia herenak sinatu izana azpimarratu dute.

Zaldibarko Udalean ezohiko bilkura zegoela baliatu gura izan dute herritarrek beraien protesta egiteko. “Une honetan pilota udalaren teilatuan dagoela uste dugu. Gu prest gaude mahaiaren bueltan jesarri eta berba egiteko”. Udalbatza hasi denean, protesta zaratatsua egin dute pleno aretoaren albo batean.

Eskola publikoko patioa eta inguruko belargunea atontzeko Amesten dugun jolastokia eraikitzen prozesu partehartzailea ipini zuen martxan Zaldibarko hezkuntza komunitateak 2018an. Iazko udal hauteskundeetan izandako udal gobernu aldaketaren ondorioz proiektua “geldi” dagoela salatu dute, hainbat bider, hezkuntza komunitatetik. 

Otsailean hasi zuten sinadura bilketa, hala ere, hondakindegiko lur-jausiaren eta osasun alertaren ondorioz orain arte ez aurkeztea erabaki dutela adierazi dute elkarretaratzean. “Zaldibarren azkeneko hileetan bizitako egoera oztopo bat izan arren, txalotzekoa da hainbeste sinadura bildu izana”.

Erantzunik jaso ezean, irailean protestei berrekingo dietela aurreatu dute elkarretaratzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!