“Agian hauxe izango da unea konfinamenduan ikusitako beharrizanak plazaratu eta horiei erantzun bat emateko”

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 19a, 09:06

Koronabirusaren krisiaren eta alarma egoeraren eraginez, 60 bat lagun elkartu eta Zaldibarko Zaintza Sarea sortu zuten. Alarma egoera ezarri zenean eman zituen lehenengo pausoak Zaintza Sareak, eta faseak aurrera egin ahala euren eginbeharra gutxitzen joan den arren, etorkizunean ere saretuta jarraitzea dute helburu. ANBOTOk Zaintza Sareko talde motoreko pataide diren Izaskun Narbaiza Albisuagaz (Zaldibar, 1993) eta Nora Narbaiza Albisuagaz (Zaldibar, 1997) berba egin du.

Noiz eta zelan sortu zen Zaldibarko Zaintza Sarea?
Nora Narbaiza:
Martxoaren 11n Gaztetxea itxi ziguten, eta hainbat herritan zaintza sareak sortzen hasi zirela ikusi genuen martxoaren 12an. Barikuetan Gaztetxeko batzarra egiten genuen, eta kalean batu ginen. Zaldibarren ere zerbait egin genezakeela pentsatu genuen. Batzarrean erosketa zerbitzua martxan ipintzea erabaki genuen. Baita Dominika Talde Feministagaz hartu-emanetan ipintzea ere. Eurekin berba egin eta gero, umeak zaintzeko aukera ematea ere pentsatu genuen.
Izaskun Narbaiza: Baina berehala ikusi genuen zaintzarako ez zegoela horrenbeste beharrizanik, eta erosketetan zentratzea erabaki genuen.

Zelako erantzuna izan zuen herrian?
I. N.:
Zabalkundea whatsappez egin zen, eta hasieratik jende nahikotxok eman zuen izena. Gehienak 40 urtetik beherakoak izan ziren, eta oso profil ezberdinekoak.

Erosketak egiteaz gainera, beste hainbat gauza ere egin ditu sareak.
I. N.:
Zaintza sarea sortu zenean bilera telematiko bat egin genuen. Zenbait lagun batu ginen, eta, asteek aurrera egin ahala, taldetxo hori zaintza sareko talde motorea bilakatu zen. Talde horri eskerrak egitarau bat sortu da, umeekin batera mintzapraktikak egin dira, eta eskolagaz batera jostailu bilketa bat. Motore horietatik ere beste hainbat gauza gestionatu dira. Esaterako, erosketa bat egon denean, Gurutze Gorritik deitzen ziguten, eta guk eskaera hori bete dugu. Protokoloak betetzeko, derrigorrezkoa izan da Gurutze Gorriaren bitartez eskariak gestionatzea.

Zaldibarko Zaintza Sareak zerbitzu berezi bat ere eskaini du, mintzapraktika zerbitzua. Zer dela-eta ipini zenuten martxan?
N.N.:
Durangaldetik kanpoko herriren batean zerbitzu hori martxan ipini zutela jakin genuen, eta bagenekien Zaldibarren ere beharrizan hori egongo zela. Askotan ikusten ez den beharrizana da, euskaraz berba egitearena. Orduan, eskolagaz hartu-emanetan ipini ginen eta euskaraz berba egiteko boluntarioak topatzen hasi ginen. Zerbitzuaren helburu nagusia zen premia zutenek euskaraz entzun eta berba egin ahal izatea. Bestela, seguruenik, ume horiek irailera arte ez zuten euskaraz berba egingo eta.

Ume asko izan dituzue?
N. N.:
Hamabi bat umek eta beste horrenbeste boluntariok parte hartu dugu. Hasieran, bideodei bitartez egiten genituen saiotxoak, eta amaieran batzuek presentzialki egin dituzte.

Gaur egun Zaldibarko Zaintza Sareak martxan jarraitzen du?
I. N.: Konfinamenduak aurrera egin ahala sortutako sarea da, eta zerbitzu eta ekintzak ere horrela sortu dira. Eboluzionatzen joan den sarea da Zaldibarrekoa. Orain pare bat aste, "eta orain zer?" galdetu genion geure buruari. Badakigu leku guztietan dabiltzala gauza hauek amaitzen. Baina, zergaitik? Dagoeneko ez dagoelako premiarik? Berez, badago beharrizana, argi eta garbi. Egia esan, etapa bat amaitu da, baina, gure ustez, ezin da dena bertan behera utzi. Orain, baliteke Zaldibarko Zaintza Sarearen papera denbora honetan guztian ikusi dugun beharrizana salatzea izatea. Agian hauxe izango da unea konfinamenduan ikusitako beharrizanak plazaratu eta horiei erantzun bat emateko. Zaintza sarea zaintza bizitza komunitatea lemapean sortu zen eta hori aurrera doa. Egoera larri bat pasatu dugu, baina nork dio aurrerago larriago bat ez dela etorriko? Beraz, saretuta jarraitzea ezinbestekoa da.
N. N.: Mintzapraktiken kasuan, atzo eman genien amaiera. Denok batu eta mintzapraktika bat egin genuen. Hasieratik erabaki genuen zerbitzuari amaierako data bat ipini behar zitzaiola. Orduan, umeen ikasturteagaz batera amaitzea erabaki genuen. Oraingoz, zerbitzua eten egiten da, baina batek daki, agian beste beharrizanen bat egongo da eta irtenbideren bat aurkitu beharko zaio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!