Lur-jausia Zaldibarren

Eitzaga auzoko bizilagunek Arartekora jo dute eta "abandonatuta" sentitzen direla diote

Jone Guenetxea 2020ko eka. 10a, 09:40

Lau hilabete pasatu dira Zaldibarko Eitzaga auzoan dagoen Verter Recycling zabortegia amildu zenetik. Hondakinen artean, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginen bila jarraitzen dute. Bestalde, amildutako hondakinak egonkortzen ere badabiltza.

Auzokideek hasieratik sufritu dituzte lur-jausiaren albo kalteak. Hainbat bider elkarrizketatu dira Eusko Jaurlaritzagaz eta Zaldibarko Udalagaz, baina "abandonatuta" sentitzen direla diote. Maiatzaren amaieran, auzokideek Arartekora jo dute euren kezken berri emateko. "Oletxe baserriko familia bi oraindino euren etxera bueltatu barik daude", azaldu du Oskar Morales auzokideak. Eitzagatarren beste arduretariko bat auzokideen osasun egoera da. Zaldibarko auzo honetan bizi direnek diotenez, azkenengo zortzi urteetan hainbat sute sortu dira hondakindegian. "Aire hori arnasten egon gara eta gure osasunari buruzko jarraipen bat egitea eskatzen dugu", diote auzokideek. 

Hondakinak pilatzeko Etxebarri baserriaren ondoan sortu duten biltegia ere kezka iturri dute. "Behin-behineko biltegia izango zela esan ziguten, baina susmoa dugu zabor hori hortxe geldituko dela, Etxebarri baserritik 110 metrora", azaldu dute bizilagunek. Era berean, kamioiak auzotik pasatzen hasi ziren biltegi horretara heltzeko. Orain kamioi "gutxi" pasatzen dela diote, baina posible dela momenturen batean joan-etorriak ugaritzea.

Bestalde, Zaldibar Argitu plataformak hainbat mobilizazio antolatu zuen joan zen zapatuan Zaldibarren, Zallan, Elgetan, Eibarren, Ermuan eta Markinan, zabortegia amildu zela 4 hilabete pasatu direla gogoratzeko. Desagertutako langileak gogoratu zituzten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!