Lur-jausia Zaldibarren

Eitzagako zabortegiko lanen lehen fakturak bidaliko dizkio Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 5a, 13:40

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 3.400.000 euroko faktura bidaliko dio Verter Recycling enpresari. Erreskate lanetarako egonkortze-lanak, sutea kontrolatu eta amatatzeko lanak eta lurpeko urak kontrolatzeko diseinu-lanak daude, besteak beste, fakturen atzean.

Zaldibarko hondakindegiko lanen fakturak Verter Recyclingek ordaindu ditzan eskatzeko, Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak ebazpen bat sinatu du gaur. Jaurlaritzak aurreratu du faktura hauek etortzeakoak diren beste hainbat fakturen "lehen blokea" direla. Lehen bloke honen faktura 3.420.988,71 eurokoa da (BEZa barne), Jaurlaritzak azaldu duenez.

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak honakoa eskatu dio Verter Recycling enpresari: “eragindako gastuak ordaintzera behartuta dagoen instalazioaren operadore zaren aldetik, orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak zuzenean betearazi dituen behin-behineko neurriei lotutako kostuak ordaintzeko”.

Fakturaren kontzeptuak

Ingurumen Sailak azaldu duenez, faktura hondakindegiko honako lanekin dago lotuta: desagertu diren bi langileak bilatu ahal izateko irristatzea egonkortzea eta ezponda seguruak sortzea; premiazko lan-puntuetara jotzeko bidea irekitzea; ingurumen-inpaktua eta herritarren osasuna kontrolatzea; sutea kontrolatu eta amatatzea, makina astunen bidez, eta aireko baliabideak lankidetzan jardutea; hondakinentzako segurtasun-gordailuak gauzatzea edo lurpeko uren kontrol-sarea diseinatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!