Errespetu faltekin amaitu, eta orain artean edukitako harreman ereduarekin jarraitzeko eskatu dio Zaldibarko gaztetxeak alkateari eta udalari

Anboto 2020ko mai. 23a, 10:54

Konfinamendua leuntzen ari den garaian ere gaztetxeko mantenu lanak eragoztea egotzi diote gazteek Zaldibarko Udalari; beraiekiko duten "jarrera paternalista" ere salatu dute. Gaztetxeko ateak blokeatuta jarraitzen du.

Ohar baten bidez Gazte Taldeak Udalaren partetik jasotako tratua salatu gura izan du. Oharrean, Zaldibarko Udalaren eta Jose Luis Maiztegi alkatearen erabaki eta jarrera batzuk kritikatu dituzte. "Gaztetxea itxita mantentzearen 'argudio' nagusia, egoera kudeatzeko gure gaitasun falta izan da, paternalismoan eta infantilizazioan oinarrituz, segurtasun neurriak beteko ez ditugula edo betetzeko gai ez garela adiraziz". Osasun krisia hasi zenetik, baina, jarduna moldatu dutela argudiatu du gazte taldeak, eta hainbat adibide aipatu dituzte: "Gaztexea ixtea erabaki genuen, Zaintza Sarea sortu genuen, beste hainbat gazte eta herritarrekin batera, umeekin mintzapraktikak egin ditugu, eta herriko musikari gazteen kontzertu telematikoak antolatu ditugu, besteak beste". 

Lankidetzari eutsi gura diote

Fase aldaketarekin, gaztetxeko ateko giltzaren berraktibatzea eskatu zuen, baina ezezkoa jaso dute erantzunean. "Eraikinaren kudeaketara beharrezkoak ditugun lanak egiteko eskatu dugu. Alkatearen lehenengo erreakzioa gezurretara jotzea izan da, gaztetxearen mantenurako hara joatea legez kanpokoa dela esanez, kasu honetan bere burua zuzendu behar izan du, ez baitago inolako legerik interpretazio hori egiteko. Herriko beste hainbat eragile edo elkarte joan dira beraien eraikin edo lokaletara, eta horretan ere gezurra esan zigun, lokal guztiak itxita zeudela esan baitzigun". Amaitzeko, udal gobernuari dei egin gura diote hamasei urteko harremanari eta lankidetzari eusteko. "Urteotan izan dugun harremanetara itzultzen saiatzen ari gara, baina lankidetza apurtzen ari dira".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!