Zaldibarko EH Bilduk proposamen berriak egin dizkio udalari

Anboto 2020ko mai. 6a, 10:42

Ostalarientzako erraztasunak eskatu dizkiote Zaldibarko Udalari. Horrez gainera, oinezkoentzako gune gehiago ezartzea, eta herritarrei gomendio eta informazio gehiago ematea eskatu dute.

Koalizio independentistaren arabera, Zaldibarko Udalak ez ditu herritarrak modu egokian informatu. Hori dela eta, herritar gehien biltzen diren espazioetan osasun krisiak irauten duen bitartean jarraitu beharreko gomendioen inguruko ohar eta kartelak jartzea eskatu du EH Bilduk; Zaldibarko mugak kartel bidez zehaztea ere eskatu dute.

Horrez gainera, asteburuetan Euskal Herria kaleko gune batzuk oinezkoentzako bilakatzeko aukera aztertzeko eskatu dute. "Oinezkoentzako espazio zabalak lortuko lirateke horela, hauek beste gune batzuekin lotuta daudelako".

Terrazak, jaietan bezala

Terraza guneak handitzeko aukera aztertzeko eskatu dio EH Bilduk udalari, baita ere. "Zaldibarko jaietan egiten den bezala, terraza guneak handitu daitezke".

Bestalde, apirilaren 28an egindako batzordean Zaldibarko gobernu taldeak ostalariak laguntzeko konpromisoa hartu arren, oraindik publikoki ezer ez esan izana salatu du. "EH Bildurentzat, udalak hartutako konpromisoak oso eskasak dira, baina hala ere, publikoki herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko hartuko dituen neurriak azaltzeko eskatzen diogu udal taldeari".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!