Lur-jausia Zaldibarren

Berraztertze-errekurtsoa aurkeztuko du Zaldibar Argituk 150 herritarrarren batzar eskaerari udalak emandako ezezkoa dela-eta

Anboto 2020ko api. 29a, 13:38

Martxo hasieran 150 zaldibartar inguruk eskaria egin zioten Zaldibarko alkateari, herrigunean zabortegiko krisiari buruzko azalpenak eskaintzeko, besteak beste. Jasotako erantzuna ezezkoa izan dela salatu du Zaldibar Argituk ohar baten bidez. 

Erantzunari berraztertze-errekurtsoa aurkeztuko diola azaldu du plataforma herritarrak, gainera. Horrez gainera, udalaren erantzuna "harrigarria" egin zaiela adierazi dute plataformatik, besteak beste. Herritarrek jasotako erantzunean udalak "bilera horiek egiteko eskubiderik ez edukitzea" aipatzeak "Zaldibarko Udalaren maila demokratikoa" erakusten du Zaldibar Argituren berbetan. "Udal agintariek jakin beharko lukete domkrazioa Konstituzioaren aurretikoa dela, eta Konstituziotik kanpo ere badagoela demokrazia. Jakin beharko lukete udal askotan egin direla udalaren eta herritarren arteko bilerak, herritarrek hala eskatuta, baita Zaldibarren bertan, urrunago joan gabe".

Horrez gainera, udalari gezurretan aritzea leporatu dio Zaldibar Argituk. Honen arabera, udalaren erantzunean inguruko herrietan egindako bilerak aipatzen dira ezezkoa argudiatzeko, eta Ermun eta Eibarren eginiko bilerak aipatzen dituzte. "Dagoena bere horretan irakurrita, badirudi Zaldibarko herrigunean bileraren bat egin dela, eta hori gezurra da. 'Gertaturakoari' diotenean, zertaz ari dira? Pentsatzen dugu herritarren kexu eta protestez ari direla. Baina, benetan, zerbait jasangaitza edo jasanezina izan balitz, ziur esango zutela. Halere, ez diote ezer zehatzik, ez zelako ezer latzik geratu. Zein delikatuak diren teknikari horiek!".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!