Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratu dituzte Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko egunean

Ekaitz Herrera 2020ko api. 28a, 17:20

Euskal Herriko gehiengo sindikala (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) Eitzagako Verter Recycling enpresaren atarian bildu da zabortegiko lur-jausian desagertutako langile biak gogora ekartzeko. Adinekoen egoitzetan beharrean ari direnen lan-baldintzak ere salatu dituzte

Apirilaren 28a Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko eguna da. Hori dela eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuetako kideak Eitzagako zabortegiaren sarreran kontzentratu dira. Bi dira, haien esanetan, Durangaldean dauden "egoera beltzak". Batetik, Eitzagako lur-jausian desagertutako bi langileen egoera dago. "82 egun pasa dira kapitalaren diru goseak eraginda, Zaldibarko Eitzaga auzoan zegoen zabortegia amildu eta bi langile lur azpian harrapatuta gelditu zirela", azaldu dute. "Hemendik gure babes eta indar guztia helarazi nahi diogu familiari, eta Alberto eta Joaquin behingoz aurkitu ditzatela aldarrikatu".

Adinduen egoitzak eta koronabirusa

Aldarrikapenen bigarren puntua Adinduen egoitzetako langileengan ipini dute, eta modu zehatzagoan, Ermuko Abeletxe egoitzan. Egun bakar batean koronabirusagatiko 80 kasu baieztatu ziren han, duela aste batzuk. "Covid 19ak argi utzi digu beste behin ere pribatizazioak, gutxi batzuen interesak eta kudeaketa txarrak dakartzan ondorioak. Neurri eza, pribatizazioaren diru gosearen ondoriozko kudeaketa penagarria, langile falta", adierazi dute. Urteetan zehar hartu diren erabakiak eta erabaki horiek hartu dituzten agintariak egin dituzte gertatutakoaren erantzule, "zerbitzu publikoak urtez urte murrizten joan direnak, hain zuzen ere. "Zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatu eta dirua guztiaren gainetik jarri duten horiek. Kapitala bizitzaren gainetik jartzen duten horiek. Hemendik gure babes eta indar guztia Abeletxeko langile, nagusi eta familiarrei".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!