Jaurlaritzak kanpo-ikuskaritza bat kontratatu du Eitzagako zabortegiko ingurumen arauak zorrotz betetzen ote ziren ikertzeko

Ekaitz Herrera 2020ko api. 24a, 11:08

Ingurumen Sailak kanpo-ikuskaritza bat kontratatzea erabaki du, lur-jausia gertatu eta bi hilabete eta erdira. Bi dira helburuak:  Verter Recycling enpresaren "ingurumen-baimen integratuaren baldintzak nahiko zorrotzak" ote ziren jakitea, eta, "Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuak denboran zehar enpresaren jarduera behar bezala gainbegiratu ote duen" zehaztea

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Zaldibarko zabortegiaren  ingurumen arauak ikertzeari ekin dio, lur-jausia gertatu eta bi hilabete eta erdira. Kanpo-ikuskaritza bat kontratatzea erabaki du, hain zuzen, "Ingurumen-baimen integratuan (IBI) finkatutako baldintzen betetze eta kontrol-maila" zein izan zen jakiteko. Ingurumen Sailaren esanetan bi lirateke kanpo-ikuskaritzaren helburuak. Batetik, "Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuak denboran zehar enpresaren jarduera behar bezala gainbegiratu ote duen" jakin gura du Jaurkaritzak, "zabortegiaren operatiboa eta IBIa betetzen zirela egiaztatuta". Bestetik, "bere garaian emandako ingurumen-baimen integratuaren baldintzak nahikoa zorrotzak ziren", eta "hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baten operazio-baldintzei behar bezala" erantzuten ote zitzaien jakitea gura du Jaurlaritzak. Britainia Handiko Ricardo Energy and Environment etxea arduratuko da ikuskaritza egiteaz.

Verterren Ingurumen baimenak

Jaurlaritzako datuen arabera, hainbat bider aldatu dira Verter Recycling enpresari ezarritako ingurumen arauak. Ingurumen Sailak dioenez, zabortegiak "2007ko urtarrilean" eskuratu zuen "industria-jatorriko hondakin ez-arriskutsuen" ingurumen-baimen integratua. "Hala ere, 2011ko martxoaren 24ra arte —Ingurumen baimenaren aldaketa bat onartu ondoren— zabortegiari ez zioten hondakinak jasotzen hasteko baimenik eman".

Gerora, 2013an, beste aldaketa bat jaso zuen Verterreko Ingurumen baimenak. "Hainbat hondakin ez-arriskutsu balioesteko tratamendu operazioak egitea" baimendu zitzaion enpresari. Jaurlaritzaren arabera, aldaketa hori Hondakinen Europar Zerrendara egokitzeko moldaketa bat izan zen, "ez-funtsezkotzat kalifikatuta" zegoena. Horren arabera, "hondakin onargarrien zerrendan kode berriak" sartzea baimentzen zen. Urte hartan bertan, 2013an, jaso zuen Verter Recyclingek amiantoa biltegiratzeko baimena.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!