Lur-jausia Zaldibarren

Eitzagako auzokideak kexu dira zabortegiko kudeaketarekin: "Bete gabeko hitzen historia luzea pairatu dugu"

Anboto 2020ko api. 4a, 19:02

Bi hilabete joan dira Zaldibarko zabortegian lur-jausia gertatu zenetik, eta Eitzaga auzoko bizilagunek komunikatu bat kaleratu dute.

Lehenik eta behin, Joaquin eta Albertoren familia eta lagunekiko "elkartasuna" erakutsi dute eta bilaketa lanetan "ahalegin eta interes handiagoa" eskatu diote administrazioari.

Kamioiak euren etxeen aurretik "etengabe" pasatzen ari dira. "Tona askoko dozena bat kamioi orduoro pasatzea jasan behar dugu egun osoan zehar, egunean 100 kamioi baino gehiago. Horri gehitu behar zaizkio azpikontrataturiko enpresa mordoa, suhiltzaileak, Ertzaintza... Hori guztia, ibilgailuentzat gaizki egokitutako errepide batean, eta gutxiago tona askoko kamioientzat", azaldu dute. Emari honek aste bi iraungo zuela esan zieten arduradunek, baina dagoeneko lau joan dira. Horregatik, zirkulazioa "lehenbailehen Olarreaga aldera" pasatzeko eskatu dute, "Elena Moreno sailburuordeak duela hilabete Eitzagako auzokideekin egindako bileran hitz eman zuen bezala".

Eitzaga auzoko bizilagunei azterketa medikoak egitea da beste eskaera bat. "12 urtez zabortegi honen ondorioak jasan ondoren, uste dugu hori dela administrazioak kaltetuekin egin beharko lukeen gutxienekoa. Lehen astetik ari gara aldarrikatzen, eta gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dugu", diote.

Horrez gainera, urari eta lurrei buruzko neurketen datu kuantifikagarriak "falta" direla diote. "Bildutako laginen emaitzei buruzko 'interpretazioa' baino ez digute ematen. Eusko Jaurlaritzak kaltetuei emaitzen kopiak ez banatzeak mesfidantza besterik ez digu sortzen", jasotzen du komunikatuak.

Euren etxeetatik aterarazitako familiekiko informazio falta ere salatu dute. "Bi hilabete baino gehiago daramatzate etxetik kanpo, eta haien egoeraren jarraipena ez da egiten. Nola konpentsatuko da guzti hori?", galdetu dute.

Azkenik, "zalantza handiak" dituzte Eitzaga Etxebarria baserritik 100 metrora eraiki duten ziega "behin behinekoa" ote den. "Ziegaren behin-behinekotasuna idatziz jasotzea eskatzen dugu, eta behin desagertuen bilaketa amaituta, ziega berriro hustu eta beste leku batera eramatea", eskatu dute.

Burrundada egiteko deia Zaldibar Argituk, astelehean

Zaldibar Argitu plataformak, bere aldetik, eskatu du astelehenean, 20:30ean, Euskal Herriko leihoetara irten eta burrundada sortzeko. Baita horren ostean bi kandela -edo bestelako argiak- pizteko ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!