Negozioak itxita dauden bitartean, merkatariei eta ostalariei tasarik ez kobratzea proposatu du Zaldibarko EH Bilduk

Anboto 2020ko api. 4a, 12:08

Koronabirusaren eraginez sortutako salbuespen egoerari aurre egiteko hainbat proposamen egin dizkio Zadibarko EH Bilduk udalari.

Merkatariei eta ostalariei begira neurri bi jarri dituzte mahai gainean:  Alarma egoerak behartuta itxi egin behar izan dutenei inolako tasarik ez kobratzea beraien negozioak itxita dauden bitartean (zaborraren tasa, estolderia....), eta,  2020an terrazak eta toldoak jartzeagatiko tasa ez kobratzea.

Herritarrei begira honakoa proposatu dute: Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak burutzeagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzeko epeak handitzea, urte osoan ordaintzea baimenduz (ur hornidura sarea, zaborrak, estolda zerbitzua, hirigintza baimenak, udal hilerria, kirol azpiegituren erabilera eta udaleko jabari publikoen erabilera). Zergen kasuan, ordainketa epeak "malgutzea" eskatu dute ohar batean, urte osoan ordaintzea baimenduz.

Azkenik, udal ikastaroei eta zerbitzuei dagokienez, udalak bertan behera utzi dituen zerbitzuen (kirol ikastaroak) kuotak ez kobratzea eskatu dute, eta baita zerbitzuak bide telematikoen bidez eskaintzen jarraitzeko zein udalak lotuta duen Kultur Agenda aurrera eramateko bide ezberdinak aztertzea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!