Zaldibartar askok bat egin dute Zaldibar Argitu plataformak gaur goizean egindako lanuztean. Goizean 300 bat lagunek parte hartu dute herriko kaleak zeharkatu duen manifestazioan. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta CCOO sindikatuek babestu dute deialdia, eta hainbat langile ere joan dira manifestaziora. Hilabete baino gehiago joan da Zaldibarko hondakindegiko langileak ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lur-jausiak harrapatu zituenetik, eta plataformak mobilizazioei eusteko asmoa agertu du. "Batzuen berbak entzunda, badirudi dena konponduta dagoela, baina ez da horrela", esan dute.
Aldarrikapen zerrenda
Bestalde, Zaldibar Argitu mugimenduak hamaika aldarrikapeneko zerrenda bat jendarteratzeko baliatu ditu mobilizazioak. Besteak beste, Zaldibarko gertakariaren ondorio guztiak argitzea, uraren eta airearen kalitatea urte osoan zehar eta enpresa independente batek neurtzea, eta hondakinen bilketa publikoa eskatzea. "Egia jakin gura dugu. Zergaitik dago Arriola isilik? Zergaitik begiratzen du beste alde batera Urkulluk?", kexatu dira. Horrez gainera, mobilizatzen jarraitzeko gonbidapena egin dute.
Beste eredu baten alde
Bestalde, esparru akademikoko eta kultur arloko 84 lagunek Zaldibar argitu, ereduaren agortzea izeneko agiria plazaratu dute aste honetan.