Lur-jausia Zaldibarren

Euriteak handitzearekin batera nikel eta selenio mailak hauteman dira Eitzagaetxebarria ibarbideko lixibiatuetan

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 9a, 11:59

URAk Eitzagaetxebarria ibarbidean egindako azken analisietan topatu ditu arrasto horiek  (martxoaren 3koak dira azken neurketak). Erakunde horren arabera, "lixibiatuak ateratzen ari diren puntu bat izan daiteke ziurrenik", eta horiek Aixolara heldu ez daitezen lanean ari dira.  

URA agentziak "nikel eta selenio mailak hauteman" ditu "prezipitazioak handitzearekin batera", eta horiek Aixola errekara ailegatu ez daitezen lanean dabil egunotan. Eitzagaetxebarriko ibarbidea izan daiteke URAren arabera, "ziurrenik", Aixola errekako lixibiatuen sorburua. Izan ere, beste behin, amonio eta OEK indizeak berriro ere gainditu dira bertan Aixolan, hain justu, errekak Egorekin bat egin aurreko puntuan. Neurtutako azken parametroak, baina, "aurreko egunetan" erregistratutakoak baino "txikiagoak" direla dio URAk.

Lixibiatuen sorburuak izan daitezkeen bi puntu posible aztertzen ari da URA. Eitzagaetxebarrikoa da bat, eta garai bateko autopista irteerako drainatze-sistemakoa da bestea. Azken puntu honetan "ohiko kontzentrazioa baino maila handiagoak dituzte" amonioak eta OEK indizeak, "baina zabortegiko lixibiatuek duten kontzentrazio askoz txikiagoetan". 

Kamioi xurgatzaileen lana

URAk dioenez, "Aixola errekara egindako isurketen zati handi bat kentzea lortu da" otsailaren 20tik martxan dauden "kamioi xurgatzaileen" saneamendu sistemari esker. Aixola errekara "1.352 metro kubiko" lixibiatu isurtzea ekidin dela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!